Politika -
Presoak
Sara Majarenasek ezin duela alaba medikuarenera eraman salatu dute
Padre Garralda Fundazioak Madrilen duen etxebizitza batera heldu eta gero, amak eta alabak handik kanpora ordu batzuk pasatzeko aukera izan zuten. Ordutik ez dira gehiago atera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sara Majarenasen alabak, Izarrek, gernu-infekzioa duen arren, amak ezin izan duela alaba medikuarenera eraman salatu du gaur Kontxi Ibarretak, Majarenasen amak.
Padre Garralda Fundazioak Madrilen duen etxebizitza batera heldu eta gero, amak eta alabak bertatik kanpo ordu batzuk pasatzeko aukera izan zuten, baina ordutik ez dute berriro kalera ateratzeko baimenik jaso, Ibarretaren arabera. Fiskalak ez omen ditu oraindik sinatu "ateratzeko baldintzak".
"Sarak badaki umeak gernu-infekzioa duela, askotan izaten duelako. Pixa egiten duenean, sumina sentitzen du, eta ezin dio eutsi; beraz, badaki zer daukan", azaldu du Ibarretak. "Aitak labanaz eraso zionean birikan egindako zauria ez diote berriro ikusi", gaineratu du.
Ibarretaren hitzetan, "kartzelan ez zen horrelakorik gertatzen. Sukarra edo beste arazoren bat zuten bakoitzean, erraztasunak jartzen zituzten ospitalera joateko".
Sara Majarenasen amaren esanetan, alabaren eta bilobaren egoera "jasanezina da, edonondik begiratuta ere", eta erakundeei zerbait egiteko eskatu die, hiru urteko ume baten "oinarrizko eskubide bat urratzen" ari direlako. "Izarren osasuna arriskuan dago", azpimarratu du.