Politika -
2015ean kendutakoa
Auzitegi Nazionalak ez dio dirua itzuliko Sareri
Herritarren sareak aurkeztutako helegitea errefusatu du epaileak, eta horrenbestez, ez dio dirua bueltatuko.
EITB.EUS
Auzitegi Nazionalak ez dio 2015eko urtarrilean kendutako dirua itzuliko Sareri, presoen aldeko plataformak prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
2015eko urtarrilaren 10ean presoen alde egindako manifestazioan bildutakoa, 104.000 euro, bahitu zuen Guardia Zibilak martxa egin eta bi egunera egindako operazio batean. Dirua berrekuratzeko eskaera egina zuen Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko herritar sareak, eta gaur jaso du erantzuna: helegitea atzera bota du Auzitegiaren Zigor arloko bigarren Salak.
Diru hori bere biziraupenerako beharrezkoa duela argudiatu du Sarek auzi saioan, egoera ekonomiko "larrian" baitago. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak otsailean ohartarazi zuenez, Auzitegi Nazionalak dirutza konfiskatu zuenetik zorra pilatzen joan da elkartea.
Azkarragaren esanetan, aurten presoen alde egin duten manifestazioan bildutako diru kopurua aurrekoetan baino txikiagoa izan zen. Horri 2015eko manifestazioko gastuak ordaindu gabe jarraitzen dutela gaineratu behar zaio, "Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalak hala eskatuta, bahitu egin baitzuen urte hartan batutakoa", eta, bi egoera horiek 50.000 euroko zorra pilatzera eraman dute erakundea.