Politika -

Epaiketa Bilbon

Barrenetxeari tratu egokia eman ziotela deklaratu dute guardia zibilek

Akusazio partikularrak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du lau akusatuetako bakoitzarentzat, sexu erasoak, torturak eta zauriak eragitea egotzita. Akusatuek leporatutako delituak ukatu egin dituzte.

Lau guardia zibilak, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
4 guardia zibil akusatuen aulkian, Barrenetxea ustez torturatzeagatik

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sandra Barrenetxeak salatutako torturengatik auzipetutako lau guardia zibilek "denbora guztian tratu egokia" eman ziotela deklaratu dute epaiketako lehen saioan.

Bizkaiko Lurralde Auzitegian, lau guardia zibil akusatuen aulkian jesarri dira gaur, Sandra Barrenetxeari ustez egindako torturak argitzeko epaiketan. Barrenetxea 2010eko irailean atxilotu zuten, beste zortzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita.

Bilbotarrak salatu zuenez, inkomunikazio-aldian, Madrilera bidean eta deklarazioa hartzean torturak jasan zituen. Akusatutako lau guardia zibilek polizia operazioan parte hartu zuten.

Defentsak, Jone Goirizelaia abokatuak, 19na urteko kartzela-zigorra eskatu du guardia zibilentzat: 10 urte, sexu erasoengatik; 6, torturengatik; eta 3, lesioengatik. Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatuaren ustez, agenteek ez zuten deliturik egin, eta absoluzioa eskatu dute.

Guardia zibilak deklaratzen hasi aurretik, epaimahaiak akusazioak eta defentsak aurkeztutako frogak atzera bota ditu, beharrezkoak ez zirela argudiatuta. Gainera, Estatuko abokatua auzitik kanpo uztea erabaki du.

Lau guardia zibilek uko egin diote akusazioaren galderei erantzuteari. Fiskalaren galderei erantzunez, leporatzen zaizkien delituak ukatu egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilboko azken albisteak Epaiketak albisteak Eguneko albisteak