Politika -
Apirilaren 8an
Larriki gaixo dauden presoen alde manifestatuko da Sare Gasteizen
Apirilaren 8an egingo den manifestazio horren aurretik, elkarretaratzeak egingo dituzte martxoaren 14an, Donostia ospitalearen aurrean eta beste zenbait udalerritan.
Agentziak | Erredakzioa
Sare herritarrak larriki gaixo dauden presoek pairatzen duten egoera "bidegabea" dela salatu du gaur, eta, horren aurrean, manifestazio bat antolatu dute apirilaren 8rako Gasteizen.
Gaur goizean Arabako hiriburuan eman duten prentsaurrekoan ohartarazi dutenez, "hilabete gutxiren buruan" larriki gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du 11tik 22ra igarota, eta kezkagarritzat jo dute egoera hori.
Zentzu horretan, Aitzol Gogorza, Manu Azkarate eta Ibon Iparragirreren egoerak aztertu dituzte, eta aipamen berezia egin diote Oier Gomez preso gasteiztarraren egoerari, zeinaren bizia arriskuan dagoen".
"Espetxe-politika horrek gizagabetasunari eusten dio, eta hori gogor salatu behar da. Horregatik guztiagatik, euskal jendarteak mugitzen jartzen behar du", iritzi diote Sareko kideek.
Horrenbestez, "Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera" lelopean, manifestazioa egitera deitu dute apirilaren 8rako Gasteizen; izan ere, "preso horiekin egiten ari direna bidegabekeria handia da, ankerkeria handia izateaz gain".
Aipatu manifestazioaren aurretik, elkarretaratzeak egingo dituzte martxoaren 14an, Donostia ospitalearen aurrean, baita beste zenbait udalerritan ere.