Politika -
PSOE-EAJ negoziazioa
Zapatero-EAJ negoziazioan PSE ere izango dela esan du lehendakariak
Lehendakaria ziur dago EAJk egindako eskaera "soberanistak" ez direla aurrera aterako.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak oharra bota dio gaur EAJri. Bere esanetan, "PSEk eta Eusko Jaurlaritzak une oro parte hartuko dute " Iñigo Urkulluren alderdiak Madrilgo gobernuarekin izango dituen negoziaketetan. "Eta dena ondo ateratzen bada benetan poztuko gara", gaineratu du.
Bilbon emandako hitzaldi batean, Patxi Lopezek "EAJk Espainiako erakundeen gobernagarritasunean izan duen inplikazioa goraipatu du". Hala ere, alderdi abertzaleko hainbat kidek agertu duten "arrokeria" kritikatu nahi izan du; bere ustez, "muturreko jokaera" horiek ez dira egokienak negoziazio baten atarian.
Lehendakariak, gainera, euskal sozialistak negoziazioan egongo direla ziurtatu du, "herri guztiarentzat positiboak diren gaiei" bultzada emanez, baina "helburua ideologia edota sigla konkretu batzuen alde" egitea bada, PSE aurrez-aurre izango dutela ohartarazi du.
Konkretuki, EAJk Madrilgo kongresuan aurkeztutako proposamenen harira esan du hau Patxi Lopezek. Alderdi abertzaleak sozialistek proposamen horiek onartzea eskatu du Madrilgo gobernuari egonkortasuna ziurtatzeko.
Patxi Lopezen ustez, EAJk egindako eskaera batzuk "abertzaletasun soberanistaren alderik gogorrena islatzen dute, hauen artean Ibarretxeren planean agertzen ziren batzuk ere badaude" eta horiek "ez dira inola ere aurrera aterako".
Santanderren, Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak Jaurlaritza eta EAJ errespetatuko eta kontuan izango dituztela nabarmendu du.
Euskal aurrezki kutxen bategitea
Euskal aurrezki kutxen bategite prozesuari dagokionez, BBKk Cajasur erosi izanak prozesua "zeozer zailtzen duela" onartu du, izan ere "tamainak desorekatu" egiten direlako, baina zailtasun horiek "ez dute galarazten prozesu hori etorkizunean burutu ahal izatea".
Gasteizko gobernuak datozen hilabeteetan jorratu beharreko Kutxen Legearen inguruan ere aritu da Patxi Lopez. Bere hitzetan, lege honek ez du zertan bategite prozesuaren "hasiera puntua" izan behar. "Momentu egokia itxaron behar dugu" eta, lehendakariaren esanetan, erakundeek beraiek erabakiko dute noiz iristen den momentu hori.