Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Lehendakaria 'gaizki utzi' nahi izatea egotzi dio Basagoitik EAJri
Euskadiko PPko presidenteak esan du Zapaterok eta EAJk "nahi dutena" egin dezaketela, betiere haien arteko balizko akordioak Euskadin eta PSE-EEk eta PPk bultzatutako "aldaketan" eraginik ez badu.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak adierazi du EAJk "bazterrak nahasi" eta Patxi Lopez lehendakaria "gaizki utzi" baino ez duela nahi.
Radio Euskadin gaur goizean egin dioten elkarrizketa batean, Basagoitik esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuak eta EAJk "nahi dutena" egin dezaketela, betiere haien arteko balizko akordioak Euskadin eta PSE-EEk eta PPk bultzatutako "aldaketan" eraginik ez badu.
Horren ildotik, Euskadiko PPko buruak esan du EAJ proposamen "zentzugabeak" egiten ari dela, eta haren helburua lehendakaria "gutxiengoan" uztea dela.
"Alderdi honetako zuzendaritzaren funtzio nagusia bazterrak nahastea da, eta Lopezek nahasten ez uztea espero dugu", gaineratu du.
BBK eta CajaSur
BBK-k CajaSur erosi duela eta, Basagoitik adierazi du operazioa "ona" dela Euskadirentzat eta Andaluziarentzat eta kutxa bizkaitarrrari "giharra" emango diola.
Euskal PPko buruak nabarmendu egin du BBKren bideragarritasuna, eta operazioak Andaluzian "Obra Sozial inportantea" egotea bermatzen duela gogorarazi du.
Hori dela eta, zoriondu egin du Mario Fernandez BBK-ko presidentea: "Operazioa bikaina izan da".
Operazioak EAEko kutxen arteko balizko bat-egitean izan lezakeen eraginaren harira, Basagoitik esan du orain ez dela "ondorio politikoez" kezkatzeko unea, eta halako erabakiak "irizpide ekonomikoak" oinarri hartu behar direla iritzi dio.