Politika -
Sara Majarenas
Majarenas eta Izar harrera zentrotik atera ezinda daudela salatu dute
Senideek eta 'Izarrekin Sara etxera' plataformako kideek salatu dutenez, asteazkenaz geroztik ezin dute kalera atera. Antza denez, epaileak irteera baimena sinatu behar du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sara Majarenas presoaren eta haren alaba Izarren senideek salatu dutenez, ama-alabek ezin dute kalera atera asteazkenaz geroztik. Antza denez, hori posible izan dadin epailearen sinadura falta da. Gainera, Izar ez zigortzeko eta neskatoa Donostiaratzeko eskatu dio Kontxi Ibarreta Sara Majarenasen amak Jose Luis Castro epaileari.
Kontxi Ibarretak azaldu duenez, ama-alabak kalera irten ziren astelehenean eta asteartean hiru orduz —ordu bat goizean eta bi ordu arratsaldean—. Epaileak Sara Majarenasi bigarren gradua eman zionetik ama-alabak Padre Garralda-Horizontes Abiertos fundazioaren Madrilgo harrera zentro batean bizi dira.
Hala eta guztiz ere, ama-alabak kalera irteteko aukera izaten jarrai dezaten beharrezkoa da Castro epaileak irteera baimen bat sinatzea. Izapide horiek amaitu bitartean, ezingo dute harrera-zentrotik atera.
"Beste behin Castro epaileari edo erabakia hartu behar duen horri zuzentzen natzaio, baina, mesedez, ez dezatela berriro ere neskatoa zigortu", azpimarratu du. Aldi berean, neskatoa Donostiara itzultzea eskatu dute, haurrak "bere ingurunea, jendea eta familia" alboan izatea eta bere auzoko (Intxaurrondo) eskolara joatea behar duela argudiatuta.
Bestalde, Sara Izarrekin Etxera plataformako kideek ekimen berri bat iragarri dute martxoaren 16rako. Helduak eta haurrak Intxaurrondoko Sagastieder parkean elkartuko dira eta gero Izarri bidaltzeko marrazkiak egingo dituzte.