Politika -
Elkarrekin Podemos
ATAko jarraitzaile batek eraso diola salatu du Lander Martinezek
Legebiltzarreko talde guztiek erasoa gaitzetsi dute eta elkartasuna adierazi diote Elkarrekin Podemosek ganberan duen bozeramaileari.
Agentziak | Erredakzioa
Lander Martinez Podemos Euskadiren Antolaketa idazkari eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari erasoa egin diote asteburuan, Bilbon. Erasotzailea ATAko (Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua) jarraitzailea omen den pertsona batek egin dio, bere "ideia politikoengatik", Martinezek berak salatu duenez.
Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak argazkia jarri du goizean Twitterren duen kontuan. Ubeldua du eskuineko begian. Irudia zabaltzearekin batera, "gogoetarako" deia egin du legebiltzarkideak sare sozial horren bidez kaleratu duen mezuan.
Ondoren, prentsaurrekoa eskaini du gertatutakoa azaltzeko. Agerraldian Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusia eta Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea izan ditu ondoan. Azaldu duenez, bere "ideia politikoengatik" eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide izateagatik eraso diote.
Martinezen esanetan, Euskadik pairatu duen "iragan onartezin baten inertzia onartezinaren zatia" da gertatutakoa. "Gure herriak memoria behar du, memoria inklusiboa, sufrimendu guztiak kontuan hartuko dituena. Biktimek, salbuespenik gabe, egia jakiteko, justizia izateko eta egindako kaltearen ordaina jasotzeko eskubidea dute. Indarkeria guztia, izan oraingoa zein iraganekoa, edozeinek eginda ere, arbuiatu beharrekoa da, hitzerdirik gabe. Partekatutako kontakizun bat lortu behar dugu", azpimarratu du.
Salaketa egiteko orduan "biktimismo edo mendeku" arrastorik ez duela nabarmendu du Martinezek, eta "lasaitasunez gogoeta egiteko eta politikoki ekiteko" deia egin du, erakundeetatik zein gizarte zibilaren arlotik.
Martinez, Zabala eta Albarekin batera, prentsaurrekora heltzen. EFE
Aitortu duenez, aurretik ere ATA mugimenduaren gertuko batekin "gertakari txiki" bat izan zuen, baina ez zuen salatu. Sare sozialetan eta pankartaren batean haren kontrako hitzak agertu direla ere aipatu du.
Dena dela, Martinezek ez du uste Elkarrekin Podemos "politikoki jazarria" dagoenik. "Badaude ekintza eta tik batzuk, eta iraganeko inertzien ondorio onartezinak dira", esan du.
"Hitzerdirik egin gabe, eraso"
Kontatu duenez, larunbat gauean izan zen erasoa, Bilboko taberna batean lagunekin zegoela, "giro ez politiko batean", horrenbestez. "Erasotzaileak hitzerdirik egin gabe jo ninduen, bat-batean", azaldu du.
Martinezen berbetan, "lau laguneko talde batean zegoen pertsona batek Lander Martinez ote nintzen galdetu zidan, eta ia aldi berean, beste batek kolpea eman zidan buruarekin aurpegiaren eskuinaldean. Eurengandik urrundu nintzen, zorabiatuta".
Lau laguneko horiek entzundakoengatik jakin du "erasoa nire ideia politikoengatik eta Elkarrekin Podemosen bozeramaile nintzelako" egin ziotela. Martinezek esan du "erasotzailea ATAko jarraitzailea da".
Azaldu duenez, salaketa jarri zuen atzo guardiako epaitegian, eta auzia bitartekaritza zerbitzuen bidez eramatea eskatuko omen dio epaileari. Izan ere, "justizia konpontzailea" nahi du Martinezek, ez zigortzailea. Hau da, erasotzaileak "gertaerak aitortzea, barkamena eskatzea eta egindakoa modu sozialean ordaintzea" eskatuko duela iragarri du.
Alderdiak, Martinezekin
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek erasoa salatu dute eta elkartasuna adierazi diote Martinezi. Elkarrekin Podemosen bozeramaileak "zintzoki" eskertu du jasotako babesa.
Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkidearen esanetan, erasoa "intolerantziaren eta inoren iritziekiko errespetu faltaren" erakusle da, baita euskal gizarteak "elkarkidetza normalizatu bat eraikitzeko bidean duen erronkaren" adibide ere.
Martinezek jasandakoa "onartezina eta justifikaezina" dela iritzi dio Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, eta koalizioak "elkartasuna eta babesa" adierazi diola nabarmendu du.
Erasoa gaitzetsi du Eneko Andueza PSE-EE bozeramaile ondokoak ere, kasu honetan Radio Euskadiri egindako adierazpenetan. Anduezaren ustez, gaur egun mota honetako jarrerak "soberan daude".
Irrati kate berean mintzatu da Laura Garrido PPren eleduna, eta horrek ere erasoa errefusatu du eta elkartasuna adierazi dio Elkarrekin Podemoseko kideari. "Espero dugu mota honetako jarrerak behingoz desagertzea", erantsi du.