Politika -
Ezkutuko kontabilitatea
‘B kutxa’ri buruzko auzia berriz ireki du Jose de la Mata epaileak
PPren diruzain ohiak esan bezala, lan publikoen esleipenen truke Alderdi Popularrak dohaintzak jasotzen zituen egiaztatu nahi du Jose de la Mata epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Jose de la Mata epaileak Alderdi Popularraren ustezko ‘B kutxa’ri buruzko auzia berriz irekitzeko agindua eman du. Ildo horretatik, Francisco Correa Gurtel sareko ustezko buruzagia eta Alfonso Garcia Pozuelo Constructora Hispanicako arduradun ohia inputatu gisa deklaratu beharko dute martxoaren 23an. Placido Vazquez enpresariak, berriz, martxoaren 24an deklaratuko du epailearen aurrean.
Gurtel sareko ustezko buruzagiak Auzitegi Nazionalean egindako adierazpenen ostean, Izquierda Unidak eta ADADEk osatzen duten akusazioak PPren ezkutuko kontabilitateari buruzko auzia berriz irekitzeko eskatu zion epaileari. Jose de la Matak Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzaren babesa izan du erabaki hori hartzeko orduan.
Gauzak horrela, Barcenasen paperetan agertzen diren dohaintzak argitu eta enpresek lan publikoen esleipenak jaso zitzaten Alderdi Popularrak komisioak jaso ote zituen egiaztatzea “egokitzat” hartu du epaileak.
Francisco Correaren arabera, PPri dohaintzak eta opariak ematen zizkion lan publikoen esleipenen truke. Halaber, % 3ko komisioak jasotzea leporatu zion Alderdi Popularreko diruzain ohiari, Ministerioetan esku hartzearen truke.
Dena dela, Jose de la Mata epaileak ez du Jaume Matas Ingurumen ministro ohia inputatu, eta momentuz ez du epailearen aurrean deklaratu behar izango.
PPk ezkutuko kontabilitatea zuela berretsi zuen Luis Barcenasek epailearen aurrean. Alderdi Popularraren diruzain ohiaren paperetan irakur daitekeenez, Garcia Pozuelok 72.000 bat euro ordaindu zizkion PPri 2000. urtean eta 90.000 euro gehiago hiru urte geroago. Villar Mirek 530.000 euro ordaindu zituen 2004, 2006 eta 2008. urteetan.