Politika -

Eztabaida Kongresuan

Hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Rajoyk Zapaterori

Zapateroren jokabideak independentismoa pizten duela esan dio Duranek Gobernuko presidenteari. Bestalde, AHTko eta enplegu politika aktiboen atzerapena aurpegiratu dizkio Erkorekak Gobernuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPko presidenteak ahulenekin "ausarta eta kementsua" izatea, "bere zorrarekin" bankuak kaltetu izana, gazteei enpleguaren "pertsiana itxi" izana eta Toledoko Ituna hautsi izana egotzi dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari.

Zapatero ikasle txar baten "nahasmenarekin eta presarekin" jardun dela, eta ondorioz, gastuak "gutxi, gaizki eta justizia barik" murriztu dituela esan du Rajoyk Kongresuko Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan.

PPko presidentearen hitzetan, Gobernuko presidentearen hitzaldia "agortutako proiektu baten heriotza-ziurtagiria" da; izan ere, proiektu horrek "4,5 milioi langabetu" eta historian izandako murrizketa sozial handienak eragin ditu.

"Parlamentua desegiteko eta hauteskundeak deitzeko" eskatu dio Rajoyk Zapaterori. Ildo horretan, Zapateroren "garaia agortu" egin dela eta presidenteak "badakiela" ziurtatu du Rajoyk.

Ciu

Joseph Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak Kongresuan Estatutuaren auzian "gogo eta konpromiso eskasa" izatea leporatu dio Gobernuari eta PSOEri, eta jokabide hori mantentzen badute, Katalunian independentziaren ideia zabalduko dela eta irtenbide bakartzat joko dutela ohartarazi dio.

Estatutuaren epaiak eragindako eztabaida Espainiako politikaren erdigunean kokatu behar dela gaineratu du Duran i Lleidak; ildo horretan, Estatutuaren inguruko egoerak "Katalunian eta Espainia osoan gatazka" sortzen duela gaineratu du.

"Haserrea dago Konstituzionalarekin", adierazi du; izan ere, Duran i Lleidaren hitzetan, "epaia azken 35 urteotako ekintzarik bereizleena izan da", eta "Bartzelonan epaiaren alde egin behar zen manifestazioa baino egun bat lehenago epaia argitaratzea, burutu daitekeen probokazio baldarrena da".

EAJ

Zapateroren proiektu ekonomikoak "porrot egin" duela esan du Josu Erkoreka EAJko bozeramailea Kongresuan. Hala ere, nahiz eta Gobernuarekin mesfidati agertu den, elkarrizketarako eta itunak egiteko prest dagoela esan du jeltzaleak.

Abiadura handiko trenaren gauzatzea eta enplegu politika aktiboentransferentziaren atzerapena aurpegiratu dizkio Erkorekak ZapaterorenGobernuari.

Gobernu sozialistaren proiektu politikoaren oinarriak (Espainia plurala eta soziala) "porru eginda" daudela esan du Erkorekak Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan; jeltzalearen hitzetan, lehenengoak joan den larunbateko manifestazioaren aurka "jo" egin zuen, eta bigarrenak, datorren iraileko greban "porrot" egingo du.

Dena dela, EAJ Gobernuarekin elkarrizketan aritzeko prest dagoela, eta ahal izanez gero, itunak egiteko prestu daudela gaineratu du; izan ere, beste ezer baino lehen, "egoera ekonomikoaren garrantziaz" konturatzen dira jeltzaleak.

Na-Bai

Bestalde, Zapaterok krisiari aurre egiteko iragarritako neurriak aurrera ateratzeko zein alderdiren laguntza izango duen argitu ez izana deitoratu du Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak. Ildo horretan, Gobernuko presidenteak talde lana eskatu izana gaitzetsi du.

"Krisia ez da bigarren txanpan irabazten, inbestidura irabazi zenuen bezala; hortaz, gizarteak eta merkatuek jakin behar dute zein alderdiren laguntza izango duten", ohartarazi dio Na-Baiko diputatuak Zapaterori.

Estatuaren egoerari buruzko eztabaida

Zapaterok 12:00etan eman dio hasiera Estatuaren egoerari buruzko eztabaidari.

Haren hitzaldia amaitutakoan saioa eten egin da, eta 16:00etan ekin diote berriz. Hitz egiten lehena Mariano Rajoy PPko burua izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea