Politika -

Donostian

Sara Majarenas aske uzteko eskatu dute hainbat ahots ezagunek

'Sara Izarrekin Etxera' plataformak eta gizartearen ordezkaritza zabal batek preso donostiarra aske uztea eskatu dute, 3 urte betetzear den alaba zaindu ahal izateko.

Sara Majarenas aske utz dezatela eskatzeko elkarretaratzea, Donostian. Argazkia: EiTB
Sara Majarenas aske utz dezatela eskatzeko elkarretaratzea, Donostian. Argazkia: EiTB
Sara Majarenas aske utz dezatela eskatzeko elkarretaratzea, Donostian. Argazkia: EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurpegi ezagun asko eta 'Sara Izarrekin Etxera' plataforma elkartu dira gaur, Donostian, Sara Majarenas ETAko presoa aske uzteko eskatzeko, bere alaba Izar zaindu dezan. Martxoaren 2an umeak 3 urte beteko ditu, eta Picassenteko kartzela utzi beharko du.

Besteak beste, Xabier Onaindia, Koldo Izagirre, Ines Osinaga, Estitxu Fernandez, Jose Mari Agirretxe, Mikel Astarloza eta Ainhoa Aierbe agertu dira komunikabideen aurrean. Araitz Zubimendik eta Garbiñe Alkizak  irakurri dute manifestua, eta "ama eta umea jasaten ari diren eraso matxista eta mendeku politika" salatu dituzte. Majarenasek bere zigorraren hiru laurdenak beteta ditu, eta "Izarrek 5 hilabete zituenean kartzelatik atera behar zuela" esan dute.

Hori guztia salatzeko, manifestazioa deitu dute martxoaren 2rako, 19:00etan, Donostian; Boulevardean hasi, eta epaitegiaren atarian amaituko da.

Majarenasen amak eta Izarren amonak ere hitz egin du goizeko agerraldian. Kontxi Ibarretak bere biloba ospitalean egon zenean gertatu zena azaldu du, eta bere alaba aske uztea eskatu du, umea guztiz sendatu ahal izateko. Amonaren esanetan, "berriro aldentzen badituzte, nola azalduko diot nik Izarri non dagoen justizia?".

Bestalde, Sare euskal presoen eskubideen defentsarako plataformak "Donostiako Udalaren parte hartzea eta jarrera ausarta" goraipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak