Politika -
Euskal Aurrekontuak
'Gehiengo zabal baten oniritzia' nahiko lukete EAJk eta PSEk
Gobernu-bazkide diren EAJk eta PSEk adierazi dutenez, alderdi guztien "argazki bateratua" nahi dute. Dena dela, EH Bilduk iragarri du ez dela "argazki horretan" egongo.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017rako euskal Aurrekontuak "gehiengo zabal batek onartu ditzala" du helburu Eusko Jaurlaritzako Gobernu-bazkide diren EAJk eta PSE-EEk, Radio Euskadiko eztabaida politikoan bi alderdi horietako ordezkariek adierazi dutenez.
Gauzak horrela, Aurrekontuen onarpenari dagokionez, alderdi guztien "argazki bateratua" nahi dutela azpimarratu du Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak.
EH Bildu
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, ez dute PPrekin "argazki horretan" parte hartuko, euren eredu sozial eta ekonomikoak "guztiz kontrakoak baitira". Gainera, PPk proposatuko ala EH Bilduren neurrien alde dagoen argitzeko eskatu dio EAJri.
"Akordioak lotzea Gobernuaren erantzukizuna da, bera baita Aurrekontuak aurkezten dituena, eta bere esku dagoelako negoziazioari ekitea", esan du Casanovak. "Batzuetan ematen du urratsak emateko ardura oposizioarena dela", gaineratu du.
Elkarrekin Podemos
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen esanetan, "zaila da Aurrekontuen inguruko akordioa aurrera ateratzea, baldin eta zerga-sistema hobetzen duen erreforma-fiskal bat ez badago".
PSE
Bestalde, Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak deia egin dio oposizioari "proposamen baikorrak egiteko". "Guztien argazkia zoragarria izango litzateke, baina ezinezkoa, bakoitzaren ereduak desberdinak direlako", erantsi du.
PP
Azkenik, Borja Semper PPko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean esan du Eusko Jaurlaritzarekin akordioak lotzera prest daudela, baina EH Bilduren edo PPren neurrien alde dagoen azaldu behar du EAJk, "biak bateratzea konplikatua baita".