Politika -

Noos auzia

Urdangarini ezarritako zigorra handiagoa izatea eskatuko du fiskalak

Valentziako zatian Palmako Auzitegiak ebatzitakoaren kontrako helegitea aurkezteko eskaera egingo duela iragarri du Horrachek.

Urdangarin, Palmako Auzitegitik ateratzen. EFE
Iñaki Urdangarin. EFE
Horrach fiskalak Urdangarinen kartzela zigorra handitzea eskatuko du

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Horrach Noos auziko fiskalak aurreratu duenez, kasazio helegitea aurkezteko eskaera egingo du, epaimahaiak Valentziako zatiaren inguruan hartutako erabakiaren aurka (auzi horren baitan dagoen beste zatian, Balearretan gertatutakoa epaitu dute). Palmako Auzitegiak ez du delitu zantzurik ikusi Noos Institutuak Valentziako Erkidegoan egin zituen jardunetan, baina Fiskaltzak bestelako iritzia du. Hala, Auzitegi Gorenak helegitea onartuko balu, Iñaki Urdangarini eta Diego Torresi ezarritako zigorra handiagoa litzateke.

Cadena Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, Horrackek helegitea aurkezteko proposamena egingo die fiskalei. Haren iritzian, Valentziako zatian "diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortzeko nahikoa froga dago". Auzitegiak, ordea, ez ditu jardunak zigortu, Noos Institutuak Valentzian antolatutako ekitaldiengatik jaso zuen dirutza "justifikatuta" zegoela argudiatuta.

Auzitegi Gorenak helegitea onartuko balu, Urdangarini eta Diego Torresi ezarritako zigorra handiagoa izango litzateke, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorra ezar daiteke eta.

Merkataritza agiri eta dokumentu publikoak faltsutzea ere leporatzeko eskatuko du. Gorenak delitua frogatutzat emango balu, zigorra handitu egin beharko lukete. Valentziako Gobernuko buruzagi ohiak absolbitu egin ditu Auzitegiak, baina Alfonso Grau alkate izandakoari esaterako, zigorra ezarriko lioke Gorenak, egindako eskaria onartuz gero.

Hirugarren eskaera bat egingo dio Auzitegi Gorenaren Fiskaltzari: Auzitegiak Manos Limpias herri akusazio gisa aurkezteko emandako oniritziaren kontra egin dezala. Sindikatu horrek bakarrik akusatu zuen Cristina infanta. Auzitegiak absolbitu egin du Espainiako erregearen arreba.

Urdangarini ezarritako kautelazko neurrien inguruan ere galdetu diote Horrachi. Fiskalaren aburuz, erregearen koinatuari Suitzan bizitzeko aukera ematea "aparteko neurria da, halako kasu gutxi daudelako". Horrachek ez du uste Urdangarinek "pribilegiorik" izan duenik, eta Palmako Auzitegiaren epaia "arrazoitua" dagoela esan du, horren inguruan duen iritzia gorabehera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin albisteak Politika albisteak Delituak argazkiak Iruzurrak argazkiak Eguneko albisteak Zer gertatu da Castellonen?