Politika -
'BLACK TXARTELEN AUZIA'
Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra Ratori eta seikoa Blesari
Gainerako 63 auzipetuei hiru hilabete eta sei urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie Auzitegi Nazionalak.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiari eta lau urte eta erdikoa Rodrigo Rato Bankiako presidenteari, 'black txartelen' auzian bidegabeko jabetzea eta administrazio desleiala egotzita.
Ostegun honetan eman dute ezagutzera 259 orrialde dituen epaia.
Gainerako 63 goi-kargu eta zuzendari ohiei hiru hilabete eta sei urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie epaileak, Ratoren eta Blesaren laguntzaile izatea leporatuta.
Auzipetu horien artean Ildefonso Sanchez Barcoj Caja Madrideko Bitartekoen zuzendari nagusi ohiaren kasua azpimarratzen du epaiak: bi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio, laguntzaile eta konplize izatea egotzita.
'Black txartelen' legez kanpoko erabilera 1984ko maiatzaren 24an egindako Caja Madrideko administrazio kontseiluan onartu zuten eta 15 milioi euro xahutu zituzten 1999 eta 2012 urteen artean.
Ebazpenaren arabera, jarduera Miguel Blesak zuzendu zuen lehenengo eta Rodrigo Ratok ondoren, eta Ildefonso Sanchez Barcoj arduratzen zen haien erabakiak gauzatzeaz. Berak komunikatzen zuen 'black txartelak' nori eman, hilean eta urtean zenbat gastatu zitekeen, zenbateko hori handitzeko baimena nori eman eta PIN kodea nork izan zezakeen.
Horregatik epaileak ondorioztatu du Ildefonso Sanchezen eginkizuna sare horretan kolaboratzailearena baino haragokoa zela; izan ere, bere “kontrolpean zeuden txartel horien erabiltzaileak”.