Politika -
Eztabaida Kongresuan
Zapaterok egonkortasun akordioa proposatu dio EAJri
"Autogobernuaren garapenari" eta transferitzeke dauden eskuduntzei buruzko elkarrizketa hasteko prest dagoela esan dio alderdi jeltzaleari. Eskaintza "zehatza eta zuzena" dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea EAJrekin egonkortasun akordio bat negoziatzeko eta "autogobernuaren garapenari" eta transferitzeke dauden eskuduntzei buruzko elkarrizketa hasteko prest agertu da.
"Gehiengo egonkorra lortzeko baldintzak badaude, ziurtatu nahi dizut buru belarri saiatuko naizela, eta zure alderdiarekin bada, askoz gehiago", esan dio Iñigo Urkullu EAJk Kongresuan duen bozeramaileari.
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren lehen egunean, gobernuburuak argi utzi du eskaintza "zehatza eta zuzena" dela, elkarrizketa egiteko eta akordioak lortzeko.
Bere aldetik, Erkorekak hotz jaso du eskaintza, denak "berdin" jarraitzen duela argudiatuta. "Emaitzak daudenean, pauso gehiago eman ahal izango dira", esan du.
Pentsioak
Bestalde, pentsioen erreformak esparru "ongi zehaztuak" dituela aurreratu du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, eta erretiratzeko legezko adina 67 urtera igotzeko eta kotizazioen epea luzatzeko beharra azpimarratu du.
Zapaterok esan du hurrengo hamarkadetako "aldaketa demografiko handien" aurrean gizarteak ezin dituela "begiak itxi" eta, halaber, ukatu egin du erreforma horrek krisi ekonomikoarekin harremana duela.
Bere esanetan, pentsioen sistemak superabita du gaur egun, hots, ez du "kaudimen arazorik", baina etorkizuneko arazoa "gaur bertan"&' || 'nbsp;konpondu behar dela adierazi du.
Ekonomia hazi egingo da biharen hiruhilekoan
Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, "seguru aski" ekonomia berriz ere haziko da bigarren hiruhilekoan, eta krisiak "gordin" erakutsi zituen desoreka batzuk desagertzen hasi direla gaineratu du.
Halaber, berretsi egin ditu bere Gobernuaren aurreikuspenak, hau da, ekonomiak %0,3 behera egingo duela aurten, hiruhilekotik hiruhilekora hazkunde "neutroak edo positiboak" eman badaitezke ere.
Nolanahi ere, hazkundea oraindik ahula dela eta murrizketen ondorioen menpe dagoela ohartarazi du.
Igoera nolakoa izango litzateke ere azaldu du: 12 urtetan egingo lukete, hots, mailaka, "Alemaniak, Erresuma Batuak, Danimarkak, Norvegiak eta AEBek adostu bezala".
Aurrekontuak eta dirudunentzako zerga
Defizita murrizteko helburuz, gobernuburuak zehaztu du 2011ko Aurrekontu Orokorren gastu-muga iazkoa baino %7,7 gutxiagoa izango dela. Hori dela eta, Ministerioen aurrekontuak %15 murriztuko dituzte.
Hain zuzen ere, ohiko gastuak, transferentziak eta enpresa publikoen aportazioak murriztuko dituzte.
Elena Salgado Ekonomia ministroaren esanetan, soldata handiei ezarriko ei dieten zerga Aurrekontuen aurkezpenean aztertuko dute.
Gaurko hitzaldian, Zapaterok zeharka aipatu du balizko zerga hori, 2011ko Aurrekontuen aurkezpena ere epe ezarrita.
Kataluniako Estatuta
Zapaterok Kataluniako Estatutuan "Konstituzioaren aurkakoak" diren puntuak aztertzea eta hori Generalitatearekin batera egitea promestu du.
Gobernuburuak zehaztu du aztertuko dituen puntuak ez direla izango "mami arrazoi tarteko" Konstituzioaren aurkakoak jotakoak, baizik eta arau akatsak tarteko jotakoak.
Bere esanetan, Gobernu zentralak errespetatu egiten du "Kataluniako nortasun politiko indartsua", eta Estatuta garatzen jarraituko duela promestu du.