Politika -
Katalunia
Puigdemontek ukatu egin ditu negoziazioak Espainiako Gobernuarekin
Generalitateko presidenteak esan duenez, 'formalki' Mariano Rajoyrekin bildu ez bada, ez da izan 'agenda-arazoak ditudalako'.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak ukatu egin du Espainiako Gobernuarekin Kataluniako eskarien inguruan negoziatzen ari direnik, "ez pribatuan, ezta ofizialki ere". Ondoren gaineratu duenez, Rajoyren Exekutiboaren eskaintza "Izpiritu Santua" bezalakoa da, "guztiek hitz egiten dutelako horri buruz, nahiz eta inork ezer ikusi ez".
Narbonan (Frantzia) egin ditu adierazpenok, Carole Delga Okzitania eskualdeko presidentearekin bildu ostean. Hala erantzun dio Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, Enric Millok, esandakoari. Milloren esanetan, Rajoyren Exekutiboa buru-belarri ari da lanean erkidegoaren egoera politikoari "irtenbidea" bilatzeko; beraz, "maila orotan" hitz egiten ari direla berretsi zuen, nahiz eta beti publikoki ez izan.
"Espainiako Gobernuak proposamen jakin bati buruz hitz egin nahi badu, jarri dezala mahai gainean", baina "ez dago inolako negoziaziorik, ez pribatua ez ofiziala, nahiko genukeen arren", azaldu die Puigdemontek kazetariei.
Generalitateko presidenteak esan duenez, "formalki" Mariano Rajoyrekin bildu ez bada, ez da izan "nire agendan arazoak ditudalako".
Halaber, Puigdemonten esanetan, Gobernu espainiarraren Generalitateak Rajoyri aurkeztutako 46 ideiak betetzea bada, "ez dutela ezer ulertu" esan nahi du, "eskari horiek aspaldi bete beharrekoak baitziren".