Politika -

2017ko aurrekontuak

Jaurlaritzak gaur onartuko du 2017ko aurrekontuen lege-proiektua

Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu zuenez, aurrekontuen % 76 gizarte gastuetara bideratuko dute.

Asteartean onartuko du Eusko Jaurlaritzak bere diru kontuen egitasmoa

1:08

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatzen duten Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiko lehen aurrekontuen lege-proiektua onartuko dute gaur, asteartea. Ondoren, Legebiltzarrera bidaliko ditu babesak bilatu eta onar ditzaten, Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek ez baitute gehiengorik.

Normalean, urrian onartzen du proiektua Gasteizko Gobernuak, kontuek abenduan jaso dezaten Legebiltzarraren oniritzia. Iaz, baina, irailaren 25ean egin ziren hauteskunde autonomikoak; hortaz, ez zen denborarik egon aurreproiektua lantzeko.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Legebiltzarrean bertan aurreratu zuenez, ekitaldi honetako aurrekontuak eta ondorengokoak "bereziki doiak" izango dira. Horren arabera, 2017ko aurrekontuek ekoizpeneko ekonomia sustatuko dute eta gizarte politikei eutsiko diete, baita areagotu ere.

Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralean aurreratu zuenez, aurrekontuen % 76 gizarte gastuetara bideratuko dute, 2016an bideratutakoa baino apur bat gehiago.

Lehendakariaren hitzetan, aurrekontuen proiektuak euskal jendarteak dituen "oinarrizko bi ardurak" asetzea izango du helburu nagusi: pertsonen "funtsezko" beharrizanak bermatzea eta kalitatezko enplegu aukerak sortuko dituen hazkunde "iraunkorra" ahalbidetzea.

"Proiektuak zorroztasun- eta errealismo-irizpideak errespetatuko ditu, arduratsua izango da eta hauek beteko ditu: aurrekontu-egonkortasuna, finantza-iraunkortasuna, defizita, zorra eta gastu-araudia", zehaztu zuen lehendakariak.

Aurrekontuaren kopuruak lantzeko, Eusko Jaurlaritzak abenduan onartu zituen jarraibide ekonomikoak ditu esku artean. Horien oinarrian hauek daude: euskal ekonomia % 2,3 haziko den aurreikuspena eta % 0,6ko defizit helburua.

Horrez gain, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak 2016ko urrian egindako aurreikuspena ere kontuan hartuko dute. Diputazioek, aurreikuspen horren arabera, 9.102 milioi euroko ekarpena egingo diote aurten Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea