Politika -
Noos auzia
Urdangarin berehala espetxeratzeko eskatzea ari da aztertzen Fiskaltza
Kautelazko neurriak hartzeko bista eskatu du, eta bertan erabakiko du Noos auzian errudun agertutakoak berehala espetxean sartzea eskatuko ote duen.
Agentziak | Erredakzioa
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak kautelazko neurriak hartzeko bista bat egitea eskatu du ostiral honetan, Noos auzian errudun agertu diren Diego Torres eta Iñaki Urdangarin berehala espetxean sartzea eskatu ala ez erabakitze aldera.
Horrela jakinarazi du Pedro Horrach fiskalak Balearretako Probintzia Auzitegiaren aurrean bilduta zeuden hedabideen aurrean, Urdangarinek sei urte eta hiru hileko zigorraldia eta Torresek zortzi urte eta sei hilekoa bete beharko dituztela jakin duenean
Horrachek esan duenez, Fiskaltza aztertzen ari da erruduntzat jotakoak berehala espetxeratzera bidaltzeko eskaria egitea bista horretan, ihes egiteko arriskua baitago: ?Zigorren larritasunak berez dakar arriskua; hortaz, arrisku hori gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla uste dut?, adierazi du.
Fiskalak formalki eskatu du bista hori egitea, eta datorren astean bertan izan daiteke. Bertara zuzenean agertu beharko lirateke Urdangarin eta Torres.
Bestalde, Horrach pozik agertu da peiarekin, Valentziako tramarekin zerikusia duen zatiarekin izan ezik, absolbituta geratu baitira. Zentzu horretan, oraindik epai guztia irakurtzeko betarik ez duela izan azaldu du; ondorioz, oraindik ez du erabaki helegiterik jarriko duen.
Urdangarinen abokatuak ez du beharrezkotzat jotzen
Bere aldetik, Iñaki Urdangarinen abokatua den Mario Pascual Vivesek adierazi duenaren arabera, ez dago arrazoirik bere bezeroa berehala bidal dezaten espetxera: ?Ez legoke horretarako arrazoirik, delitu guztiek hiru urte baino gutxiagoko zigorraldiak baitituzte?, nahiz eta guztira sei urte batzen dituzten.