Politika -
EiTB-ren erreforma
EiTBren erreformari buruzko lantaldea eratuko dute Legebiltzarrean
PPk eraman du Legebiltzarrera lantalde bat sortzeko proposamena, eta sozialistekin eta jeltzaleekin adostu du aurrera atera den testua. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak EiTBren erreformari buruzko lantaldea eratzea onartu du gaur. Lantalde edo ponentzia berri horretan, besteak beste, zuzendaritza organoen "kontrola eta gardentasuna" edota enpresa eta antolaketa eredua izango dituzte hizpide.
PPk eraman du Legebiltzarrera lantalde bat sortzeko proposamena, eta sozialistekin eta jeltzaleekin adostu du aurrera atera den testua. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.
PPk bere testuan proposatutakoaren arabera, lantaldeak EiTBren kudeaketa eredua, funtzionamendua eta kontrol publikorako tresnak birformulatzeaz arduratu behar du. Nerea Llanos legebiltzarkide popularrak defendatu duenez, erakunde "moderno, garden eta jasangarria" lortzeko balio behar du. Haren esanetan, agintean dagoen alderdiaren propaganda zabaltzeko hedabidea izateari utzi eta zerbitzu publiko bihurtu behar du.
Ana Oregi jeltzalearen esanetan, EiTBren erronkak Europako gainerako hedabide publikoek dituzten berdinak dira. Hori dela eta, EiTBren lantaldean lasai eztabaidatzea defendatu du erronka "izugarri" horiei aurre egiteko.
Rafaela Romero sozialistaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak "EiTB birformulatu behar du", eta ziur dago erakundearentzat bigarren aukera bat lortzeko borondatea badagoela.
Jasone Agirre (EH Bildu) legebiltzarkideak azpimarratu duenez, lantalde bat baino, gaiari buruzko batzorde berezi bat eratzea defendatzen du koalizio abertzaleak. Haren esanetan, "EiTBren eredua agortuta dago" eta behar duen aldaketa ezin da Legebiltzarreko areto itxi batean egin.
Bestalde, Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak EiTBko Administrazio Kontseilua despolitizatzearen alde hitz egin du, eta EiTBk kudeaketa politiko "negargarri" baten ondorioak pairatu dituela salatu du.