Politika -

Sortuk deitutako protestak

EA, kritiko ertzain-etxeen aurrean egindako elkarretaratzeekin

Bere aldetik, Beltran de Heredia sailburuak esan du ez duela ulertzen 'Sortuk Ertzaintzaren aurrean darabilen gogortasuna'.

Sortuk Donostiako ertzain-etxe baten aurrean egindako elkarretaratzea. EFE
Sortuk Donostiako ertzain-etxe baten aurrean egindako elkarretaratzea. EFE
'Ertzain etxeetan bilkurak egitea aurreko garaietako estrategia da'

1:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ohartarazi duenaren arabera, Sortu alderdiak Ertzaintzaren polizia-etxeen aurrean egindako elkarretaratzeek "aurreko garaiekin" egiten dute bat, egungo garaiekin baino.

Horrenbestez, Eusko Alkartasuna alderdiko buruak hizpide izan ditu Sortuk igandean Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako protestak, Ertzaintzaren ustezko torturak salatzeko asmoz. Bata zein bestea (EA eta Sortu) EH Bildu koalizioko kideak dira, Aralar eta Alternatiba alderdiekin batera.

Beste alderdi politikoek eta Eusko Jaurlaritzak arbuiatu egin dituzte protesta horiek, baina Sortuk elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako Hernaniko ertzain-etxearen aurrean, xede berarekin.

"Euskal Herrian biolentziak eragin duen biktima guztiak hartuko dituen konponbide globala" aldarrikatu du Urizarrek ohar baten bidez, eta "alde batera edo bestera begiratzearena gainditu behar da", gaineratu du.

Horren harian, Ertzaintzaren polizia-etxeen aurrean kontzentrazioak egitea "aurreko garaiekin bat egiten duen estrategia da", horren ustez.

EAko buruaren aburuz, "ertzainek eragindako tratu txarren zantzurik txikiena ere aztertu eta epaitu egin behar da", eta "biktima guztiek erreparazioa merezi dute", nabarmendu du. Horrez gain, ezinbestekotzat jo du prebentzioa "herriaren alde lan egingo duen polizia demokratikoa lortzeko".

Urizarrek esan duenez, "EAEn indarrean dagoen torturen aurkako protokoloa, NBEko giza eskubideen alorreko errelatoreak egindako gomendioetan oinarritutakoa, EAk EAJrekin Gobernu akordioa sinatzeko jarri zuen baldintzetako bat izan zen". Beraz, "EA da hori betetzeko interes handiena duena", erantsi du.

Urizarren hitzetan, biktima batzuk (tortura pairatu dutenak, zehazki) ertzain-etxeen aurrean elkarretaratzeak eginda gogoratzeak "iraganera garamatza, biktima batzuk besteen gainetik jarriz, biktima guztiek tratu, erreparazio eta errespetu bera behar dutela adostu denean herri honetan".

Heredia sailburua, haserre

Bere aldetik, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Radio Euskadiri asteazken honetan egindako adierazpenetan adierazi zuen Ertzaintza sekula ez dutela torturengatik kondenatu. Aitzitik, "errealitate objektiboa" bestelakoa dela esan zuen: ETAk 15 ertzain erail zituela eta Ertzaintzak ETAren eta kale borrokaren presioa jasan zuela.

Sailburuak adierazi zuenez, ez du ulertzen "Sortuk Ertzaintzaren aurrean darabilen gogortasuna". "Erabat baztertzen dut, eta Sorturi gogoratu behar diot Eusko Jaurlaritza torturei buruzko ikerlan bat egiten ari dela eta Ertzaintza txosten horretan laguntzen ari dela; beraz, Ertzaintzak jarrera aktiboa eta proaktiboa dauka", gaineratu zuen.

"Atzera garamatzate"

Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramailearen aburuz, Sorturen elkarretaratzeek adierazten dutena da oraindik "finkatu gabe dagoen trantsizioa" dagoela.

Egibarren esanetan, aipatu bilkurak jendeak gainditutzat ematen zituen “iraganeko” irudiak dira. Onartu duenez, beharrezkoa da torturaren gainean egon daitezkeen salaketak aztertzea; alabaina, baztertu egin du gai hori agerrarazteko Sortuk erabilitako modua.

EH Bilduk ukatu egin du "desadostasunik"

Bere aldetik, Maddalen Iriarte EH Bildu alderdiko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, EAk egindako kritikek ez dute "desadostasunik eragin" alderdi biak barne hartzen dituen koalizioan. Dena dela, baieztatu duenez bi alderdiek "gogoeta" egin behar dute azken egunetan jardun duten moduz. Horrez gain, "datorren lekutik datorrela" tortura salatu egin behar dela esan du.

Iriarteren esanetan, EH Bildu osatzen duten alderdiek ez dituzte iritzi berak "gai batzuei buruz", baina nabarmendu du egoera hori normaltasunez hartzen dela koalizioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Ertzaintza Sorturen albisteak Joseba Egibar Artola argazkiak EH Bildu Gipuzkoa EA Gipuzkoa Albisteak Maddalen Iriarte