Politika -

Kongresua

EAJ, Fernandez Diazen entzuketak ikertzeko batzordeko buru

Mikel Legarda diputatu jeltzaleak zuzenduko du ministro ohiak ERC eta CDC alderdietako politikarien inguruan eskandaluak eraikitzeko egin omen zuen konspirazioa ikertzeko batzordea.

Fernandez Diaz ministro ohia Cristobal Montorekin, Kongresuan. EFE
Jorge Fernandez Diaz eta Cristobal Montoro. EFE
Fernandez Diaz ministro ohia Cristobal Montorekin, Kongresuan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Legarda EAJko diputatua izango da Kongresuan Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiaren entzuketak ikertuko dituen batzordeko buru, Diputatuen Kongresuko talde guztiek aho batez erabakita.

Batzorde horretako gainerako postuak (bi Presidenteordetzak eta bi Idazkaritzak) PP, PSOE, Ciudadanos eta Podemos alderdietako kideek beteko dituzte.

Jorge Fernandez Diazek Espainiako Barne ministro zen garaian bere baliabideak PPren mesedetan eta ERC eta CDC alderdien aurka erabili ote zituen ikertuko du batzordeak. Susmoak Público egunkariak kaleratutako entzuketa batzuk ditu oinarri. Bertan, Fernandez Diazen eta Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren kontrako Bulegoko buruaren arteko elkarrizketa entzuten da, eta alderdi independentistetako buruzagien kontra frogak eraikitzeaz ari omen dira.

Kongresuaren osoko bilkurak irailaren 27an onartu zuen entzuketak eta ustezko erabilera alderdikoia ikertzeko batzordea eratzea.

Batzordearen Mahaia osatzeko akordioa lortutakoan, Ana Pastor Kongresuko presidenteari eman diote erabaki horren berri, horrek eman behar baitu batzordea osatzeko agindua. Batzordekideek hiru hilabeteko epea izango dute agerraldiak eskatu eta txostenak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia gaur EAJ-PNV Bizkaia Espainia albisteak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak