Politika -

Eusko Jaurlaritza

Terrorismoaren biktimen aldeko ekitaldia, martxoaren 10ean, Gasteizen

Eusko Jaurlaritzak deituta, 09:00etatik 13:00etara elkarretaratzea egingo dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, erakunde terroristen biktimei aitortza eta elkartasuna adierazteko.

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira iaz Donostian egindako ekitaldia. Argazkia: Irekia
Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira iaz Donostian egindako ekitaldia. Argazkia: Irekia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak erakunde terroristen biktimak aitortzeko eta horiei elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo du martxoaren 10ean Gasteizen, gaur ohar bidez jakinarazi duenez.

Lau orduko elkarretaratzea izango da, 09:00etatik 13:00etara, Andre Maria Zuriaren plazan. Lau ordu horietan zehar, erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkari izango dira elkarretaratzearen buru, hamabost minutuko txandak eginez.

Lehenengo txandako buruak Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza izango dira. Hortik aurrera, barruan mezu bat duen lekuko bat pasatuko dute, eskuz esku, eta 13:00etan irakurriko dute mezua .

Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak azaldu duenez, ekitaldiaren helburu nagusiak hauek dira: terrorismoaren biktima guztiak oroitzea eta jasandako sufrimendu bidegabea aitortzea, eta biktimen eta herritarren arteko harremana sakontzea.

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta antolatu dute ekitaldia. Martxoaren 11 larunbata izango da aurten, eta Europako erakunde askok, Eusko Jaurlaritzak tartean, ekitaldia bezperan, martxoaren 10ean, egitea erabaki dute.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi horretan parte hartzeko gonbidapena egin die euskal erakundeei eta gizarte eragileei, terrorismoaren biktimak aitortu eta horiei elkartasuna adierazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Gaurko azken ordukoa Bakea Euskadin