Politika -
Auzitegi Nagusia
Londresek Troitiñori ukatu egin dio estradizioari helegitea jartzea
Bide judizial guztiak agortu baditu ere, oraindik ez dute espainiaratuko immigrazio helegite bat erabakitzeke dagoelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londreseko Auzitegi Nagusiak Antton Troitiñori ukatu egin dio haren espainiaratzearen kontra Auzitegi Gorenean helegitea jartzea. Auzitegi Gorena Erresuma Batuko justizia organo gorena da.
Hala ebatzi du George Legatt epaileak. Haren esanetan, ez dago oinarri legalik Troitiñok auzia Gorenera eramatea justifikatzeko.
Antton Troitiñoren defentsak Justiziaren baimena behar zuen Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu ahal izateko.
Troitiñoren lege ordezkariek baieztatu dutenez, bide judizial guztiak agortuta ere, oraindik ez dute espainiaratuko immigrazio helegite bat erabakitzeke dagoelako.
Iragan azaroan Londreseko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Antton Troitiño Espainiaren esku ez uzteko haren defentsak jarritako errekurtsoa. Brian Leveson eta Gorge Legatt epaileek Troitioren defentsak jarritako apelazioa baztertu zuten.