Politika -

Bonbardaketa

PPk atzera bota du Gernikari barkamena eskatzeko proposamena

Oyarzabalek azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan arbuiatu du “justifikaziorik ez duen zoritxarreko eta guztiz deitoragarria den bonbardaketa hura”.

Jokin Bildarratz (EAJ). Argazkia: EAJ
Jokin Bildarratz (EAJ). Argazkia: EAJ
Jokin Bildarratz (EAJ). Argazkia: EAJ

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuak atzera bota du EAJk Gernikako bonbardaketari buruz aurkeztu duen ekimena. Gobernu frankistak 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan izandako “erantzukizuna onartu” eta herritarrei barkamena eskatzeko exijitu nahi zioten jeltzaleek Espainiako Gobernuari.

Aurten 80 urte beteko dira bonbardaketa hura izan zenetik, baina Alderdi Popularra Senatuan duen gehiengo osoaz baliatu da ekimen hori atzera botatzeko. Ildo horretatik, jeltzaleek “Gernika eta bere esanahia erabili” nahi dutela esan du Oyarzabalek PPren erabakia defendatzeko.

Dena dela, Goi Ganberako taldeekin akordio zabala bilatzeko prest agertu da PP, eta alderdi guztiek babestuko duten ekimen bat lantzeko proposatu die gainerako taldeei, eraso hura bizi izan zuten biktimak gogoan izateko.

Oyarzabalek azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan arbuiatu du “justifikaziorik ez duen zoritxarreko eta guztiz deitoragarria den bonbardaketa hura”.

Jokin Bildarratz EAJren bozeramaileak Senatuaren erabakia deitoratu du, eta Espainiako Gobernuari ez diola ezer berezirik eskatzen azpimarratu du. Gobernu frankista batek bultzatu zuen erasoaren aurrean, eragindako sufrimendua aitortzea besterik ez duela eskatzen esan du.

Bildarratzen ustez, “aukera aproposa da Espainiako Gobernuak duen erantzukizuna onar dezan”. “Bonbardaketaren hurrengo urteurrena une ezin hobea da, denborak ematen duen distantzia eta objektibotasun historikotik, biktimei eta Gernikako herritarrei barkamena ofizialki eskatzeko, gaur egun oraindik bete gabe dagoen hutsunea betez”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Popularra Zer gertatu da Bizkaian? Espainia Gernika-Lumo argazkiak Gaurko azken orduko albistea