Politika -

Polizia operazioa

Bi lagun atxilotu dituzte Badalonan, jihadistak bilatzea egotzita

Guardia Zibila atxilotuen etxebizitzak miatzen ari da, interneten eta sare sozialetan egiten zutenaren frogak biltzeko.

Polizia operazioa Badalonan. Argazkia: EiTB
Bi atxilotu Badalonan, jihadista berriak erakartzea egotzita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 25 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Badalonan, jihadista berriak bilatu eta trebatzea egotzita, Espainiako Barne Ministerioak gaur jakinarazi duenez.

Halaber, Guardia Zibila marokoar nazionalitatea duten bi horien etxebizitzak miatzen ari da, interneten eta sare sozialetan egiten zutenaren frogak biltzeko. Antza denez, Espainiako eta mundu osoko hainbat pertsonarekin zituzten harremanak.

Gainera, Estatu Islamikoari (ISIS) babesa ematen dion talde egonkor bateko kide izatea, eta droga trafikoaren eta ondarearen kontrako delituen bitartez taldea finantzatzea leporatzen diete.

Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, bi atxilotuek egindako lanaren ondorioz zenbait gazte gerra guneetara joateko eta talde jihadisten alde borrokatzeko prest zeuden. Halaber, atxilotuak Siriara joan eta Estatu Islamikoaren alde borrokatzeko prest agertu dira behin eta berriz sare sozialetan.

Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. Epaitegi Zentralaren eta Fiskaltzaren zuzendaritzapean abiatu du operazioa Guardia Zibilak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Estatu islamiarra berriak Jihadismoa albisteak Gaurko azken ordukoa