Politika -
A9ko auziaren epaiketa
Artur Mas: 'Berriz egingo genuke'
Generalitateko presidente ohiak 'burua tente eta barkamenik eskatu gabe' ekingo dio bihar azaroaren 9ko auziaren epaiketari.
Agentziak | Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidente ohiak 2014ko azaroaren 9an egindako prozesu parte-hartzailea defendatu du igande honetan, zeinaren kariaz epaituko dituzten bai bera eta bai Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak bihartik aurrera: "Egin beharrekoa egin genuen. Berriz egingo genuke. Bihar burua tente dugula sartuko gara auzitegian. Makurtuta nahi gintuzten eta zutik aurkituko gaituzte".
Ortegak eta Rigauk lagunduta Bartzelonako Historia Museoan eman duen prentsaurrekoan, Masek baieztatu du ez dutela zertan barkamenik eskatu behar; izan ere, bere aburuz, Kataluniako gizartearen gehiengoak eskatzen zuenari erantzuna eman baitzioten: Kataluniaren etorkizun politikoari buruz bozkatzea.
Masek defendatu duenez, bozkatzeko zegoen eskaria ikusita, prozesu parte-hartzailea defendatu zuen, eta, bertan, "Kataluniaren , Espainiaren eta mundu guztiaren aurrean demokrazia lezio bat eman zuten bi milioitik gora pertsonak parte hartu zuten".
"Azaroaren 9an Kataluniak gure ahotsa isiltzeko lanean ari zen Estatu espainiarrari beldurra galdu zion. Beldurra galtzen duzun egunean, askeagoa zara, eta azaroaren 10ean Katalunia hautetsontziak jarri aurretik baino askeagoa zen", defendatu du. Gainera, gogoratu nahi izan du, orduan ere bere burua aldarrikatu zuela A9ko erantzule nagusitzat.
Dena den, deitoratu egin du nahiz eta formatua aldatu egin zuten (galdeketatik prozesu parte-hartzailera pasatuta) Estatuak zigor zentzagarria ezarri nahi izan diela haren sustatzaileei: "Intolerantea den Estatu batekin egin genuen tupust, batere demokratikoa ez dena, desadostasunik onartzen ez duena", iritzi dio Masek. Gainera, gogoratu duenez, bere burua aldarrikatu zuen A9ko erantzule nagusi gisa.
Estrasburgoko auzitegia
Aldi berean, Masek azpimarratu du ez, Ortegak, ez Rigauk, ezta berak ere ez dutela gaitasungabetuak izan daitezela bilatzen, ez baitira "ez martiriak, ez heroiak": Horrela gertatuko balitz, epaia Estrasburgoko auzitegira eramango dutela aurreratu du, bere ustetan bozketa bat ahalbidetzea ezin daitekeelako delitu izan.
Bere aldetik, Ortegak gaineratu du "epaituko dutena A9ko arima izango dela: inongo gaitasungabetzek ez du geldiaraziko oinarrizko eskubide bat egikaritzeko borondatea". Gaineratu duenaren arabera, egun horretan izan zen zerbitzari publiko gisa egindako lana gehien ondratu zuen eguna.
Hautagai beste hauteskunde batzuetan
Katalunian egingo diren hurrengo hauteskundeetan PDeCAT alderdiko hautagai gisa aurkeztea pentsatzen ario te den galdetu diotenean, Masek honako hauxe erantzun du: "Azkenean Kataluniak aurrera jarraitzen badu, eta Estatu bihurtzen bada, legedi espainiarrak ez du inolako eraginik izango".
Ildo horretatik, zehaztu du bere aburuz ez direla gauza bera hauteskunde autonomiko batzuk Katalunian edota "Estatu den Katalunia bateko legebiltzarra eratzeko" hauteskunde batzuk.
'Eragin bizkortzailea'
Ukatu egin du hirurei babesa emateko bihar bertan egingo den elkartasun-martxa epaileak presionatzeko modua denik. Gezurtzat eta faltsukeriatzat jo ditu baieztapen horiek.
Bestalde, bere hitzetan, epaiketaren emaitzak 'eragin bizkortzailea' izan dezake prozesu independentistaren gainean, iruditzen baitzaio subiranotasunaren mugimenduaren oinarria handitzeko balioko duela.
Azkenik, Mas, Rigau eta Ortegak adierazi dute euren abokatuek oraindik ez dutela guztiz erabaki nolako defentsa egingo duten, baina bai hirurek estrategia bateratua jarraituko dutela (zein izango den argitu gabe), eta ez dakitela Fiskaltzaren galdera guztiei erantzungo dieten ala ez.