Politika -
Auzitegi Gorena
Absolbitu egin dituzte ETA goratzeagatik zigortutako bi gazte
Auzitegi Gorenak dio ez dagoela frogarik ETAren aldeko pintaketak beraiek egin zituztela esateko. Auzitegi Nazionalak urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zien.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak absolbitu egin ditu terrorismoa goratzeagatik urtebete eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zieten bi gazte. 2014an, Aiaran, ETAren aldeko pintaketak egin izana leporatu zieten. Horretarako frogarik ez dagoela ebatzi du orain Gorenak.
2016ko ekainean, Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Julen Ibarrolari espetxe-zigorra ezarri zien, ETA goratzea leporatuta. ‘Gora Euskadi Ta Askatasuna’ edo ‘Konponbidea bide, Askatasuna helburu, Erakundea ipar! Gora ETA!’ bezalako leloak margotzea egotzi zien.
Alabaina, Gorenak dio ez dagoela frogatzerik pintaketa horiek bi auzipetuek egin zituztela baieztatzeko eta perituen frogak “hipotesietan” oinarritzen direla eransten du.
Hori dela eta, Auzitegi Nazionalaren ebazpena baliogabetu egin du, bi gazteak absolbituta.