Politika -
Bost urte okerrera egiten
Espainia munduko herrialde ustelduenena, berriz ere
Herrialdeak bere historiako emaitzarik txarrena jaso du aurten ere, baina atzera egin du Ustelkeriaren Pertzepzio-Indizearen zerrendan, 41. postuan kokatuta.
agentziak | erredakzioa
Espainiak berriz ere bere historiako emaitzarik txarrena errepikatu egin du Nazioarteko Gardentasuna GKEak egiten duen Ustelkeriaren Pertzepzio-Indizearen txostenean, 100etik 58 puntu lortuta, gaur, asteazkena, argitaratu dutenez.
Herrialdeak aurreko urteko emaitza errepikatu du, baina behera egin du zerrendan, bost postu galduta, 167 herrialdeetatik 41. postuan kokatuta. Espainia Costa Rica eta Georgia artean geratu da nazioarteko zerrendan, eta Europako herrialdeen artean ere, ustelduenen artean kokatu da.
"Nazioarte mailan azken bost urteetan gehien galdu duen herrialdeetako bat da Espainia. Ezkutatu ezin daitekeen errealitatea da", adierazi dio Alejandro Salas erakundearen arduradunak Efe albiste agentziari.
2012an 65 puntu jaso zituen, eta zazpi postu galdu zerrendan, egonkortasunagatik eta urtetik urterako aldaketa txikiengatik, baina behera egin du nabarmen, gaineratu duenez.
Alde positiborik ere badago, Salasen arabera, alegia, egoera egonkortu delako; baliteke "behea jo" duelako izatea, erantsi du.
Gainera, GKEaren bozeramalearen esanetan, Espainian "sortutako alderdi politikoek ustelkeriaren aurkako borroka sustatzeak" gauzak aldatzea eragin du.
Aipatutako alderdien sorrerak "gardentasunaren eta ustelkeriaren aurkako borroka bultzatu" ditu; hori dela eta, "pisu handiko alderdiek" aurre egin behar izan diote egoerari "aldaketak eta erreformak sustatuz".
Europa mailan, Espainia 21. postuan kokatu da, 32 herrialdeetatik, Esloveniaren eta Lituaniaren atzetik, eta Letoniaren eta Txipreren aurretik.
Nazioartean, Somalia eta Hego Sudan dira ustelkeria handiena duten herrialdeak, hurrenez hurren, 100etik 10 eta 11 puntu lortuta, eta zerrendaren beste muturrean, 90 punturekin, Danimarka eta Zeelanda Berria daude.
Gorago aipatutako bi herrialde horien atzetik, Finlandia (89 puntu), Suedia (88), Suitza (86) eta Norvegia (85) daude, Singapur (84), Holanda (83), Kanada (82) eta Alemania, Luxenburgo eta Erresuma Batua (hirurak 81 punturekin) atzean dituztela.
Ustelduenak, Somalia eta Hego Sudanez gain, gerra edo porrot egoeran, edo diktadurapean, dauden herrialdeak dira: Ipar Koreak 12 puntu lortu ditu, Siriak 13, Yemenek 14, Sudanek 14, Libiak 14 eta Afganistanek 15.
Herrialde boteretsuenen kasuan, Estatu Batuak 18. lekua lortu du, 74 punturekin; Frantziak 23.a, 69rekin; Txinak 79.a, 40rekin, Indiak bezalaxe; eta Errusia 131. posturaino jaitsi da, 29 punturekin.