Politika -

Indarkeria matxista

Haserrea Nafarroan Sevillako zaleek Sadarren jarritako pankartagatik

Sevillako jarraitzaileek Sadarren erakutsi zuten pankarta horretan 'Gordo' izena irakur zitekeen, sanferminetan emakume bat bortxatzea egotzita espetxeratuta dagoen pertsonetako bati aipamena eginez.

Sevillako jarraitzaileek atzo Sadarren jarri zuten pankarta. Argazkia: @F9Osasuna
Sadarreko pankartak indarkeria matxista goratzen duen ikertuko da

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte kolektiboek bat egin dute Andaluziako taldearen jarraitzaile batzuk erakutsitako pankarta irmo salatzeko. Horren bidez, beraien babesa helarazi zioten sanferminetan emakume bat bortxatzea egotzita auziperatuta dauden bost pertsonetako bati.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aho batez salatu du atzo Sadar futbol zelaian, Osasunaren eta Sevillako taldeen arteko futbol partidan, Andaluziako taldearen jarraitzaileek erakutsi zuten pankarta. Bertan, 'Gordo' izena irakur zitekeen, Jose Angel Prenda Martinezi aipamena eginez.

Parlamentuak adierazpen instituzionala aho batez onartu du, eta Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak Sadarren pankarta edo bandera hori eskegi izana arbuiatu du.

Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi die sanferminetan bortxaketa jasan zuen emakumeari, haren senideei eta, oro har, indarkeria matxista pairatu izan duten emakume guztiei. Bestalde, zero tolerantzia politika eta jarrera ezartzea beharrezkoa dela adierazi du Parlamentuak.

Halaber, partidaren astean abiatutako ikerketarekin jarraitzeko eskatu dio Parlamentuak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari, genero indarkeriaren apologia egiten zuen pankarta horren arduradunak diren pertsonak justiziaren aurrera eramateko.

Bestalde, Espainiako Futbol Federazioari eta Indarkeriaren Kontrako Batzordeari neurriak hartzeko eskatu dio, horrelako jarrerak futbol estadioetan errepika ez daitezen.

Debekatuta pankartak jartzea

Osasuna taldeko Zuzendaritza Batzordeak astelehen honetan erabaki duenez, aldez aurretiko baimenik izan gabe guztiz debekatuta egongo da pankartak jartzea Sadar futbol zelaian jokatzen diren partiduetan.

Hala, edozein motatako jarrera arrazista, bortitz, xenofobo, sexista edota intolerante ez duela lekurik kirolean nabarmendu du taldeak ohar baten bidez.

Ildo horretatik, norbaitek aldez aurretik baimena eskatu gabe pankarta bat jartzea erabakiko balu, segurtasunaz arduratzen diren langileei berehala kentzeko agindua emango liekete eta pertsona horren kontrako neurriak hartuko lituzkete.

Ligak gertatutakoa ikertuko du

Javier Tebas LFPko presidenteak baieztatu duenez, Sadarren gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatuko dute. Halaber, Osasunako zale batzuk Sevillako jarraitzaileei jaurtitako oihuen aurrean salaketa bat jarriko duela iragarri du.

Ikerketa

Beste alde batetik, pankarta nork jarri zuen ikertzeko prest agertu da Sevillako Polizia, eta laguntza eskaini dio Nafarroako Gobernuari.

Hasierako ikerketaren arabera, auziperatuta dagoen pertsona horren inguruko senide edo lagun bat izan liteke pankarta jarri duen arduraduna. Hala adierazi du astelehen honetan Antonio Sanzek (Espainiako Gobernuaren ordezkaria Andaluzian).

Nolanahi ere, Sevillak ez duela zerikusirik gertatutakoarekin azpimarratu du Sanzek.

Erreakzioak

Maria Jose Beaumont Nafarroako Barne kontseilariak pankarta hori jartzea irmo salatu du, eta ikerketa gertutik jarraituko duela jakinarazi du.

Halaber, Joseba Asiron Iruñeko alkateak bere haserrea erakutsi du sare sozialen bidez.

“Indar Gorrik sexu indarkeriaren kontrako pankartak jartzen dituen bitartean, Sevilla taldeko zale batzuk sanferminetako erasotzaileei babesa ematen diete. Carmen Alba…?”, zabaldu du Asironek bere Twitter kontuaren bidez.

Era berean, erasotzaile bati babesa emateak ez ote duen terrorismo matxista goraipatzen galdetu du bere Twitter kontuan Nafarroako Podemos-Ahal Dugu alderdi politikoko idazkari nagusia eta talde parlamentarioaren bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Politika Indarkeria matxista Albisteak Nafarroa Sanferminak Eguneko albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Sadar azken ordukoa