Politika -

Auzitegi Nazionala

Suitzako dirua pentsio fondo moduan zuela esan du Barcenasek

PPko diruzain ohiak epailearen aurrean adierazi duenez, inoiz ez zuen Espainiatik kanpoko kontu korronteetan zuen dirua aitortu.

Luis Barcenas PPren diruzain ohia, Auzitegi Nazionalean deklaratzen. Argazkia: EiTB
Luis Barcenas PPren diruzain ohia, Auzitegi Nazionalean deklaratzen. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak gaur adierazi duenez, Espainiatik kanpoko kontu korronteetan zuen dirua pentsio fondo moduan mantendu nahi zuelako ez zuen inoiz aitortu.

Gürtel sarearen lehen aldia (1999-2005) ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu du gaur bigarren egunez jarraian. Atzerrian zituen diru kontuekin lotutako galderei erantzuten hasi da gaur Barcenas. Fiskalak 42 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du PPko diruzain ohiarentzat.

Concepcion Sabadell fiskalari azaldu dionez, hainbat gordailu egin zituen Suitzako bi kontu korrontetan 1988az geroztik eta diru horren jatorria Espainian bizi ez ziren pertsonekin egindako transakzioak izan ziren. "Funtsak aitortu gabe zeuden, kanpoan egiten nituen operazioetako dirua zelako eta kanpoan eduki nahi nuelako, eta ez nuen Espainian aitortzen", esan du Barcenasek zerga ordainketari buruz fiskalak egindako galderari erantzunez.

Barcenasen esanetan, Suitzara joan aurretik kontu korronte bat ireki zuen Puerto Ricon, AEBrekin eta Alemaniarekin lotutako negozio batekin irabazitako diruarekin. Suitzan 1988an ireki zuen lehendabiziko kontua Private Bank finantza erakundean, eta bertako dirua Dresdner Bank erakundeko beste kontu batera transferitu zuen urtebete geroago. Horren arabera, geroztik, "arrazoi pertsonalak tarteko", bi kontu korronte ditu Suitzan: bata Dresdner bankuan eta bigarrena, berriz, Banque de la Suisse Italienne (BSI) bankuan. Hala ere, azpimarratu du BSI finantza erakundean zuen dirua Lombard Odier bankura eramatea erabaki zuela 2000. urtean. "Suitzan salbu, ez dut beste kontu korronterik izan Espainiaz kanpo", nabarmendu du.

Bestalde, 2012an bere egoera legeztatzeko zerga ordainketa egin zuela adierazi du, Auzitegi Nazionalak Suitzako agintariei erreguzko eskaera egin ostean. "Hortik aurrera ez dut ezer ezkutatu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Barcenas auzia Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Epaiketak albisteak Alderdi politikoak berriak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken ordukoa