Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Urrosolo Sistiaga: 'Borroka armatuak aspaldi amaitua behar zuen'

ETAko buruzagi historiko ohiak Auzitegi Nazionalean egin ditu adierazpenok. 2008an, ETAren eta Batasunaren estrategiak kritikatzeko gutuna idatzi zuen Carmen Gisasolarekin batera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Urrosolo Sistiaga ETAko buruzagi historiko ohiak adierazi du borroka armatuak "aspaldi amaitua" behar zuela. 1991n hiru polizia hiltzea egotzita epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean, eta epaitegian bertan egin ditu gaur adierazpenok. Urrosolo Sistiagak gogorarazi du 1994an utzi zuela ETA.

ETAko kide odoltsuenetakoa izan bazen ere, une honetan kritikoa da. Horren erakusle, Carmen Gisasola ETAko kide ohiarekin batera 2008an publikatutako gutuna. Testu hartan, bi presoek Euskal Presoen kolektiboa uztea erabaki zutela iragarri zuten, eta ETAren zein Batasunaren estrategiak gogor kritikatu zituzten.

Fiskaltzak 128 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, 1991n bonba-pakete batekin hiru polizia hiltzea egotzita. Ustez, lehergailua Justizia Ministerioko goi-kargudun bati igorri zion, baina paketea indargabetzen saiatu ziren hiru agente hil ziren.

Halaber, hiru polizien alargunei eta seme-alabei 200.000na euroko kalte-ordainak ematea ere eskatu du Carlos Bautista fiskalak.

Urrosolo Sistiaga (43 urte) 2001eko abuztuaren 23an espainiaratu zuten, Frantziatik, herrialde hartan lau urte eta erdiko zigorra bete eta gero.

Espainian hainbat auzi direla eta epaitzekoa dute, besteak beste 16 pertsona hiltzea, bi bahiketa egitea (Emiliano Revilla enpresaburuarena tartean) eta Madrilen Telefonicaren eraikin bat eztandaraztea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea