Politika -
Gaur, igandea
Lopezek PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko du
Lopezek gaur aurkeztuko du hautagaitza gaur eguerdirako deitutako agerraldian. PSOErentzat duen asmoa azaltzea espero da.
Agentziak | Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari eta Kongresuko presidente ohiak PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko du alderdiak maiatzean egingo dituen barne-hauteskundeetan, iturri sozialisten arabera.
Lopezek gaur, igandea, agerraldia egingo du 12:00etan, hautagaitza aurkeztu eta PSOEren buru izateko duen asmoa azaltzeko.
Pedro Sanchezi atzo eman zion erabakiaren berri, Madrilen egindako Batzorde Federalaren bileraren ostean, baita erkidegoetako buruzagi nagusiei ere.
Oraingoz, Susana Diaz Andaluziako presidenteak ez du hautagaitza aurkezteko asmoa duen ala ez argitu, askok aukera hori garbi ikusten duten arren. Sozialista andaluziarren buruaren hurbileko iturriek esan dutenez, hautagaitza aurkeztekotan, martxoan edo apirilean egingo du, Kongresua formalki deitzeko antolatuko duten Batzorde Federalean, hain zuzen.
Patxi Lopez, PSOE berreraiki nahi duen lehendakari ohia
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusi ohiak PSOE zuzentzeko eta berreraikitzeko asmoa agertu du orain. Historiako lehendakari sozialista bakarra izan zen, eta Diputatuen Kongresuko lehen presidente euskalduna. Pedro Sanchezi babesa erakutsi zion Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka.
Joan den legegintzaldian Diputatuen Kongresuko presidente izan zen Ciudadanosen eta PPren babesarekin, Euskaditik Espainiako politikara urratsa eman ostean. Aurretik, 2009tik 2012ra, Lopez lehen lehendakari sozialista izan zen, PPren babesari esker.
Alderdiaren aurreko barne-hauteskundeetan Lopezen izena hedatu zen Alfredo Perez Rubalcabaren ondorengo gisa, baina orduan uko egin zion aukera horri. Orain, berriz, alderdia berreraikitzeaz gain, alderdiaren proiektua berritu eta batasuna lortzeko asmoz ekingo dio erronkari.