Politika -
Helegitea
Espainiako Gobernuak Konstituzionalera eramango du Adikzioen Legea
Helegitea jarrita, Jaurlaritzak uste du Rajoyren Gobernuak sinesgarritasuna galdu duela bi gobernuen arteko harremanak hobetu nahi dituela esatean.
Agentziak | Erredakzioa
Adostasunik ez da izan azkenean Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralaren Legearen inguruan (Adikzioen Legea bezala ezagutzen da). Hala, Espainiako Gobernuak baeztatu du horren kontrako helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean; gaur du horretarako azken eguna.
Eusko Legebiltzarrak apirilean onartu zuen estadioetan eta frontoietan erretzea debekatu duen legea. Konstituzioaren kontrakoa dela argudiatuta, helegitea iragarri zuen Rajoyren gobernuak uztailean. Alabaina, azken hilabetean negoziatzen ibili dira bi aldeak, akordioa bilatu nahian. Udal Legearen auzian ez bezala, oraingoan ez da adostasunik izan. Ondorioz, esan bezala, Gobernuak helegitea aurkeztuko du horren kontra.
Negoziazioaren puntu latzena 83. artikuluan izan dute aldeek. Kalamu-kontsumitzaileen elkarteen jarduna arautzearen ingurukoa da artikulua, eta Rajoyren gobernuak ez du begi onez ikusten.
Jaurlaritzak esan duenez, "akordioa gorabehera, logikoena Espainiako Gobernuak errekurtsorik ez aurkeztea litzateke".
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentearen hitzetan, Nafarroak onartutako legearekin antz handia du EAEko honek ere, eta orduko hartan, helegitea aurkeztu zuen Espainiak.
Jaurlaritza: "Espainiako Gobernuak sinesgarritasun galdu du"
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du, Adikzioen Legearen kontra eginda, Espainiako Gobernuak "aukera ona galdu" duela bi erakundeen arteko harreman instituzionala hobetzeko asmoari "sinesgarritasuna emateko".
Agiri baten bidez, Jaurlaritzak gogoratu du arau hori Legebiltzarreko "gehiengo zabalak" onartu zuela, "Alderdi Popularra barne".
"Espainiako Gobernuak ahalegin handiago egingo zuela uste genuen, gai honetan akordio batera heltzea posible zelako. Espainiako Gobernuak hitzetatik ekintzetara pasatu gabe jarraitzen du Euskadirekiko harremanari dagokionean", kritikatu du Erkorekak.
Horrez gain, akastzat jo du Eusko Jaurlaritzari ofizialki jakinarazi ez izana helegitea aurkezteko erabakia.
Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du euskal autogobernua eta Gernikako Estatutua defendatzen jarraituko duela eta gogoratu du oraindik beste bi lege negoziatu behar dituztela Espainiako Gobernuarekin: 1978-1999 urteen arteko Poliziaren biktimak aitortzeko legea eta herri-ekimen legegilea.
Espainiako Gobernuak bi lege horien kontra errekurtsorik ez jartzeko lan egingo duela agindu du Jaurlaritzak.