Politika -

Polemika

Alonsoren esanetan, kale-izendegiari buruzko mozioa 'ez zen egokia'

Horrez gain, baztertu egin du testua kendu izana eta EAJrekiko harremanetan duten 'giro' berria lotuta egotea.

Idazkera desegokia zelako baztertu zuen PPk kale izenen afera

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak gaur ziurtatu duenez, ez da bere alderdia izan Bilboko kale-izendegiko gainbegiratzearen inguruan "nahaspila sortu duena"; alabaina, onartu duenaren arabera, "ez zen egokia" izan Bilboko Udaleko Alderdi Popularraren ordezkariek Sabino Arana EAJren sortzailearen izena, Dolores Ibarruri, Pasionaria, buruzagi komunista historikoarena eta Tomas de Zumalacarregui jeneral karlistarena Bizkaiko hiriburuko kale-izendegitik kentzeko eskaera.

PP alderdiko udal ordezkariek atzo arratsaldean baztertu egin zuten ordu batzuk lehenago aurkeztutako ekimena, zeinaren arabera Aranaren, Ibarruriren eta Zumalacarreguiren izenak Bilboko kale-izendegitik kentzea eskatzen zuten.

Aranaren kasuan, Alderdi Popularraren testuak honako hau zioen, besteak beste: "bere pentsatzeko erak ETA talde terroristaren gisako fenomenoak existitzeari bide eman diote". Testua ezagutzera emateaz batera, polemika handia piztu zen (EAJk gogor salatu zuen, adibidez), eta horren aurrean PPk atzera egin zuen bere asmoan.

Alonsok, ostegun honetan Gasteizen eman duen prentsaurrekoan baieztatu duenez, "PPk sortu ez duen nahaspila dago Bilboko kaleekin". Bere aburuz, "nahaspila" hori "hainbat alderdik, banatzeko xedearekin, planteatzen dituzten jarrerengatik sortu da".

Memoria Historikoaren Legea oinarri hartuta zenbait kaleren izenak gainbegiratzearen harira, Alonsok esan du Bilboko PPren udal taldearen helburua zela "sortu den eztabaida zentzugabekoa dela eta bereizketa eragiten ari dela agerraraztea".

Alabaina, onartu duenaren arabera, ekimena "ez zen egokia izan nola idatzita zegoen kontuan izanda", eta horrek "indargabetu egiten zuen zeukan xedea".

Alonsoren hitzetan, "une horretan erabaki zuen" Luis Eguiluzek, PPk Bilboko Udalean duen bozeramaileak, "ekimena kentzea".

Eguiluzekin hizketaldia

Alonsok ez du argitu ea zuzenean eskatu ote zion Eguiluzi ekimena kentzea; aitzitik, horri buruz galdetu diotenean azaldu du "beti" hitz egiten duela bere alderdikideekin.

Horrez gain, baztertu egin du testua kentzea EAJrekin dituzten harremanak ez kaltetzeagatik egin izana, Madrileko Gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko jeltzaleen balizko babesa beharko lukeen uneari begira.

Euskadiko PPko presidentearen hitzetan, beti saiatzen da harreman onak izaten gainerako alderdiekin, baina adierazi duenez, "alderdi bien arteko harremanen giroa beste bat izango balitz ere", testua "berdin" kendu izango zuketen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Euskadiko PP berriak Albisteak Alfonso Alonso bideoak