Politika -
Errefuxiatuen krisialdia
Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuei laguntzeko plan bat landuko du
Hala iragarri du Iñigo Urkullu Erromara egin duen bidaia ofizialean. Sant’Egidio Komunitateak errefuxiatuekin egiten duen lana ezagutzeko joan da bertara.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat landuko du, errefuxiatuei laguntzeko eta aterpea emateko kudeaketa soziala, politikoa eta instituzionala nola egin behar den zehazteko, pertsona horiek babestea eta nazioarteko elkarlana lehenetsita.
Errefuxiatuei laguntzeko dokumentu hori Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planaren baitan sartuko dute, 2017-2020 epealdian.
Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak Erromara egin duen bidaia ofizialean. Urkullu Marco Impagliazzo Sant'Egidio Komunitateko presidentearekin bildu da Erroman, elkarte horrekin harremanak estutu eta errefuxiatuekin egiten duen lana hobeto ezagutzeko asmoz.
Italiako hiriburura egin duen bisitaldian, lehendakaria Arturo Sosa Jesusen Konpainiaren nagusi orokorrarekin ere batu da.
Lehendakariarekin batera Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria izan dira Erroman.
Errefuxiatuekin solasaldia
Sant’Egidio Komunitateak lagundutako errefuxiatu batzuekin egoteko eta haiekin hitz egiteko aukera ere izan du Urkulluk.
Lau siriar eta afganiar baten testigantzak eta kezkak bertatik bertara entzun ahal izan ditu. Ia ordubetez egon dira hizketan eta nola bizi diren jakin ahal izan du lehendakariak.
Aurretik, Italiara "korridore humanitarioen bidez" heldu diren errefuxiatuei italiera nola irakasten dieten ere ikusi ahal izan du Urkulluk.
Joan zen abenduaren 12an, Sant'Egidio Komunitateak Giza Eskubideen René Cassin saria jaso zuen Urkulluren eskutik, errefuxiatuekin lanean ari diren beste bi elkarterekin batera (Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea eta Zaporeak proiektua).
Hainbat alditan agertu duenez, errefuxiatuek jasaten duten egoerak berebiziko garrantzia du Eusko Jaurlaritzarentzat.
Horrela, joan zen ekainaren 20an, Pertsona Errefuxiatuen Mundu Egunaren harira, Jaurlaritzak ohar baten bidez adierazi zuen Europak bere gain hartu behar duela giza-eskubideen defentsa, eta pertsona oro zaintzeko deia egin zuen: "laguntza eman behar diogu, azkar eta luzamendurik gabe, premia larrian dagoenari, sufritzen, gerra batetik ihesi".