Politika -
Urte amaierako hitzaldia
Iñigo Urkullu: 'Hazkundea indartzeko garaia da'
Lehendakariak onartu duenez, "zailtasunak zailtasun, egoera hobea da". Gainera, "enplegua sustatzeko eta langabezia % 10tik jaisteko" konpromisoa berretsi du.
T. SAN JOSÉ | EITB.EUS
Gabon zaharraren harira, ohiko hitzaldia eskaini du Iñigo Urkullu lehendakariak Ajuria Enean, zutik, ikurrina atzean zuela, eta bertan azpimarratu duenez, "amaitzen den urtean aurrera egitea lortu dugu; zailtasunak zailtasun, egoera hobea da". Lehendakariaren iritzian, egonkortasuna eta akordio politikoa landu dituzte, eta "auzolanaren eredua indartu".
Jose Antonio Agirre lehendakaria eta lehen Eusko Jaurlaritza gogoan hartu ditu Urkulluk hitzaldiaren hasieran, eta Agirrek berak erabiltzen zuen hitza azpimarratu du. "Itxaropena, alegia, urte berria itxaropenerako urtea izatea nahi dugu", esan du. Lehendakariaren esanetan, Agirreren Gobernutik 80 urte igaro badira ere, "gure xedeak berdina izaten jarraitzen du".
Datozen hilabeteei begira, "pertsonak helburu" izaten jarraituko dutela iragarri du, "Euskadik hazkundearen bidea hasi baitu, baina zailtasun asko mantentzen direlako". "Gehien sufritzen dutenei laguntzea da gure eginbeharra", gaineratu du. Gauzak horrela, hasitako "hazkundea indartzeko garaia da", eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak izango dira "enplegua sustatzea eta langabezia % 10tik jaistea".
Agirre lehendakariaren hitzak, gogoan
Arlo sozialari begira, "etorkizunerako proiektua" abian dagoela berretsi du Urkulluk, "elkarbizitzarako proiektua, elkarrizketan, elkarlanean eta elkartasunean oinarrituta". Etorkizunari begira, berriz, Agirre lehendakariaren hitzak berriro gurera ekarri ditu, "errijak ez dira egiten egun batean", egunero guztion artean gizarte-proiektua eraikitzeko deia eginez. "Gizarte eta aberri eraikuntzan dihardugu, baita beste Europa gizatiarragoa eraiki, non gizabanakoen eta herrien eskubideak aitortuaz gain, bermatuak izan behar diren", esan du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren burua euskal izaerari buruz mintzatu da. "Euskal nortasuna eta sena mundu osoan barreiatuta daude, euskal arima mundu osoan presente dago", adierazi du. Eta amaitzeko, "Euskadi justuagoa eta lehiakorragoa eraikitzen jarraitzeko" deia plazaratu die euskal herritarrei.