Politika -
Arabako ahaldun nagusi ohia
Javier de Andresek Urquijo ordezkatuko du EAEko Gobernu Ordezkaritzan
Arabako ahaldun nagusi ohiak PP barruan dituen karguei uko egin beharko die.
Agentziak | Erredakzioa
Javier de Andres Arabako PPko presidente eta EAEko popularren idazkariordeak Carlos Urquijoren tokia hartuko du Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari postuan, Alderdi Popularretik baieztatu dutenez.
Espainiako Ministroen Kontseiluak ostiral honetan onartu du aldaketa, eta Arabako ahaldun nagusi ohiak alderdi barruan zituen kargu guztiei uko egin beharko die, EAEko gobernu ordezkari gisa jarduteko.
Carlos Urquijo PPren Laudioko, jaioterriko, zinegotzi izan da, baita Eusko Legebiltzarreko diputatua, senataria (egun batzuez, 1996an) eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari, bi aldiz, 2004an eta 2012tik aurrera.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi izan da 2011 eta 2015 artean, eta, egun, legebiltzarkidea eta Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramailea da.
Espainiako Gobernuaren ordezkari berria Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta master bat du Ogasun eta Finantza Publikoetan.
Bestalde, De Andres izendapenarekin “ilusionatuta” agertu da Twitterren, eta “euskal herritar guztien ongizatearekiko konpromisoa” agertuko duela agindu du.
Araban Oyarzabalek ordezkatzea proposatu du de Andresek
Arabako Batzar Nagusietan PPko presidente gisa Iñaki Oyarzabal senatariak ordezkatzea proposatu du Javier de Andres Gobernuak EAEn duen ordezkari berriak.
De Andres Calos Urquijoren ordezkari izendatzeak Arabako PPn erreleboa proposatzera eraman du, nahiz eta bi karguak bateragarriak izan, alderditik jakinarazi dutenez.
Iñaki Oyarzabal PPko Askatasun Publiko eta Justizia idazkaria, senatari eta legebiltzarkide ohia proposatu du de Andresek bere ordezkaritzat. Eskualdeko zuzendaritza batzarra asteartean bilduko da, eta ziur aski erabakia berretsiko du.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Espainiako Gobernuaren ordezkariak EAEko eta Espainiako gobernuen arteko harremanen “normalizazio beharrezkoari” lagunduko dion itxaropena agertu du.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren ordezkari postua “egun, Autonomien Estatuan, zentzu handirik ez duen anakronismoa” dela adierazi du Jaurlaritzak ohar batean; are gutxiago, gobernu autonomikoaren iritziz, “Euskadi bezalako autonomia berezi batean”.
Julen Arzuaga Eusko Legebiltzarrean EH Bilduko bozeramaileak “albiste ontzat” hartu du Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkaria izateari uztea, eta koalizioarentat “instituzioak berak desagertu egin behar" lukeela nabarmendu du.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarreko bozeramaileak esan du Javier de Andresek Carlos Urquijok baino “tolerantzia eta borondate demokratiko gehiagorekin” jokatzea espero duela. Gobernuko Ordezkaritzan izan den erreleboak “EAJren eta PPren arteko elkarrizketekin harreman zuzena izan dezakeela” azaldu du.
Javier de Andresek Gobernuko ordezkari berri gisa “administrazioen arteko akordio gehiago izatea adostasun ezak baino” espero du PSE-EEk. Halaber, Urquijori “zortea” opa dio, eta haren kudeaketa “PPren jarrerak markatu duen garaiaren emaitza” izan dela esan du.
Euskadiko PPren ustez, Javier de Andresen izendapenak erakundearen “paper politikoa indartzen” du, Arabako popularren presidentea alderdiak Euskadin duen “buru nagusietako” bat delako.
Urquijoren aurkako kritikak
Azken lau urtean, Carlos Urquijok hamaika helegite jarri ditu Eusko Jaurlaritzak eta, batik bat, ezker abertzaleak gidatutako erakundeek hartutako erabakien aurka hala nola herri kontsultak edo eraikin publikoetan Espainiako bandera ez jartzeko deliberoa, baita presoen aldeko hamaika ekitaldiren aurka ere.
Jarrera horren aurkako kritikak ugari egin dituzte alderdi abertzaleek eta euskal erakundeek, eta Urquijo kargutik kentzeko hainbat eskari ere egin dituzte. Azkenik, Espainiako Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du kargugabetzea.