Politika -

Eztabaidarako txostena

EPPK-k aukera juridiko guztiak erabiltzea proposatu die presoei

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak barne eztabaida iragarri du, presoak batu, euskalherriratu eta kaleratzeko urratsak egiteko helburuz. Adostasuna eta herritarren babesa funtsezkotzat jo ditu.

Preso ohiek Usurbilen egindako agerraldi baten artxiboko irudia. Argazkia: Efe.
Preso ohiek Usurbilen egindako agerraldi baten artxiboko irudia. Argazkia: Efe.
EPPK-k aukera juridiko guztiez baliatzea proposatzen die ETAko presoei

1:43

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak barne eztabaida abiatu du, arestian iragarri zuen bezala, eta, prozesu “publiko eta garden” horretarako zuzendaritzak prestatu duen txostenean, preso bakoitzak eskura dituen aukera juridiko guztiak erabiltzeko proposamena egin du, “norbera izango dela aukera horiei (errendentzioak, kartzela destinoak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, etab) heltzea edo ez erabakiko duena, taldearen babesa eta laguntza dituela”.

“Damua eta salaketa” izango dira jardunbide berri hori aurrera eramateko orduan preso bakoitzak, Kolektiboak hala ezarrita, izango dituen mugak.

“Gara” eta “Berria” egunkariek gaurko zenbakietan dakarte "Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Eztabaidarako Oinarrizko Txostena”.

Presoen auzia konpontzeko, Espainiako eta Frantziako estatuekin ez dela aldebiko negoziaziorik izango onartzen du EPPKren zuzendaritzak idatzian, eta ezinbesteko jotzen du babes soziala, urratsak gizartearekin batera egitea eta kolektiboaren beraren batasuna, proposatutako bidean sakontzeko.

Txostenak aurkezten duen barne eztabaidaren idatzian, kolektiboak bat egiten du “ezker abertzaleak bere osotasunean ontzan eman duen ildoarekin” eta “garai politiko berriaren bultzadan subjektu aktibo” izateko borondatea erakusten du.

Gainera, ETAk jarduera armatua utzi zuenean Euskal Preso Politikoen kolektiboa “garaile argia” izan zela dio idatziak, “osorik eta burua tente" iritsi baitziren… Nolanahi den, “garaile bai… baina kartzelan” bizi izan dute une hori, testuak aitortzen duenez.

“Azkenaldian beren burua EPPKtik kanpo kokatu dutenentzat ere zabalik egongo den” barne eztabaidaren azken helburuak "sakabanaketa amaitzea eta Kolektiboa batzea; Kolektiboa euskalherriratzea eta presoak kaleratuz espetxeak hustea" izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak