Politika -
'KALERA, KALERA!' EKIMENA
EH Bildu: 'Gizartearen inplikazioak bakegintza bultzatuko du'
Marian Beitialarragoitiak eta Oskar Matutek (EH Bildu) Kalera, kalera! ekimenak Usurbilen paratu duen karpa bisitatu dute gaur, eta taldeko ordezkariekin bildu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marian Beitialarragoitia eta Oskar Matute EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan dituen ordezkariak Kalera, kalera! presoen eskubideen aldeko taldeak Usurbilen jarri duen karpa bisitatu dute gaur, eta talde horretako ordezkariekin batzartu dira.
Beitialarragoitiak bertan esan duenez, “gizarte zibilaren inplikazioak ekarriko du presoen auzia konpontzeko eta bakegintzan aurrera egiteko bidea”. Halaber, koalizioak Madrilen Gobernu Zentralari “aurrera daraman blokeoaren aldeko jarrera bertan behera uzteko” eskatzen jarraituko duela adierazi du.
Diputatu abertzaleak “presoen gaiak konponbide berehalakoa” behar duela iritzi dio, eta, Espainiako Gobernuaren “borondaterik eza”ren aurrean, “denok dagokigun neurrian inplikatu behar dugu”, haren ustez, hori posible izan dadin.
Beitialarrangoitiaren esanetan, “Luhusoko atxiloketen ondorioz, gizarte zibilak armagabetzearen aferan zein inplikazio maila duen ikusi eta gero, argi gelditu da euskal herritarrok izango garela, nork bere aletxoa jarrita, ez atzera ez aurrera dagoen gai hau aldatuko dugunok, berandu baino lehen irtenbidea eta bakegintzan aurrerapenak ekartzeko”.
Azkenik, gizarteari inplikatzen jarraitzeko deia egin dio, “bakerako bidean eta presoen gaian irtenbide bat aurkitzeko”.