Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aralarrek onartu egin du EArekin eta Batasunarekin hitz egiten hastea
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren esanetan, "elkarrizketa ofizial" horiek ez dute "mugarik" izan beharko gai zerrendan.
Erredakzioa
Aralarrek onartu egin du Eusko Alkartasunarekin (EA) eta ezker abertzalearekin "elkarrizketa ofizialak" hastea, eta gaur bertan jakinaraziko die erabakia, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak aurreratu duenez.
Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Zabaletak azaldu du astelehenean aztertu zutela EAk eta ezker abertzaleak igorri zieten gutuna.
Hori horrela, testuak "gabezia ugari" dituela uste badute ere, Aralarrek oniritzia eman dio "mugarik gabe" hitz egiten hasteko. "Ez duguna onartu eta onartuko ez duguna zera da, elkarrizketa politikoak mugatzea, guk ez baititugu mugatuko", gaineratu du.
Bestalde, Zabaletak kritikatu egin du indarkeria gaitzesten ez duten alderdiak hauteskundeetan ez egoteko PSOEk eta PPk hitzartutako azken erreforma. "Ideiak despenalizatu egin behar dira", aldarrikatu du.
Bere ustez, "indarrean dagoen Alderdien Legea" baino "atzerapen handiagoa" da, eta demokraziarentzat "aberrazioa" dela iritzi dio.