Politika -
Eguberriko mezua
Felipe VI.ak batasuna eta 'legearekiko errespetua' eskatu du
Ohikoa den Gabonetako mezuan gaineratu duenez, ez da 'haustura edota barne zatiketetarako garaia'.
agentziak | erredakzioa
"Legearen errespetuan eta batasunean oinarritutako elkarbizitza demokratikoa" defendatu du Felipe VI. Espainiako erregeak. Horren hitzetan, ez da "zatiketarako" garaia, eta "eraikitzeko borondate irmoa" aldarrikatu du.
Espainiako erregeak ohikoa duen Gabonetako mezuan egin du aldarrikapen hori, Kataluniako eztabaida soberanistaren testuinguruan; izan ere, alderdi independentistek 2017an autodeterminazio erreferenduma egiteko asmoa dute.
"Eskuak zabalik dituen Espainia batean sakontzeko garaiak dira, ez ordea antzinako gorrotoak agerraraztekoak edota itxitako zauriak irekitzekoak. Finean, batasunerako arrazoi ezin sendoagoak ditugun garaiak dira, elkarrekin batera lan egitekoak, gure herrialde handiko edozein lekutik, ilusioz, idealekin eta Espainia hoberenerako proiektuekin", adierazi du Felipe VI.ak.
Katalunia hitza aipatu gabe honako hau azpimarratu du: "Ez dira onargarriak espainiar guztiek partekatzen dituzten eskubideak kontuan hartzen edota gaitzesten dituztenen jarrerak".
Bere aburuz, bizikidetzak "beste edozeren gainetik errespetua eskatzen du beti", eta horixe eskatu die desberdin pentsatzen dutenei.
"Legearen errespetuan oinarritutako elkarbizitza demokratikoa beharrezkoak da, aurrerapenean, modernizazioan eta ongizatean aurrera egiteko", gaineratu du. "Sendotzeko, eta ez ahultzeko" urratsak eman behar direla esan du.
Elkarbizitzaren gakoa "errespetua" dela nabarmendu du, baita "ezberdin pentsatzen dutenen artean ere".
Egungo Espainian "tolerantzia ezak, bazterketak eta errespetu ezak" ez dutela tokirik adierazi du.