Politika -

Elkarrizketa

Azpiazuk dio Kupoaren 1.600 milioiko aldea ez dela marra gorria izango

Kupoaren kitapenaren inguruan desadostasunak daude eta, Jaurlaritzaren arabera, 1.600 milioikoak lirateke 2007tik. Azpiazuk ez du zifren inguruko eztabaidan sartu nahi izan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, Kupoaren kitapenari dagokionez kalkulatutako 1.600 euroko aldea ez dute Espainiako Gobernuarekin egin beharreko negoziazioetan ''marra gorri'' gisa planeatuko. Hain zuzen ere, zenbateko hori ezarri izan da 2007tik hona Kupoan kitatu beharreko zifren arteko alde gisa. Ez dute marra gorri gisa jarriko, ''ez litzatekeelako negoziazioari ekiteko modu egokia'', Azpiazuren arabera.

Europa Press agentziari eskainitako elkarrizketa batean, sailburuak gaineratu du oraindik ezin dutela ''epaitu'' Alderdi Popularraren jarreran aldaketarik egon den Espainiako Aurrekontuen negoziaziorako.

Joan den abenduaren 5ean bilera egin zuen Azpiazuk Montoro ministroarekin, eta bertan bi administrazioek konpontzeke dituzten gaiak jorratzeko lantaldeak sortzea adostu zuten. Besteak beste, Kupoaren kitapenaren inguruko desadostasunak eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruko beste hainbat gai dituzte konpontzeke.

Azpiazuk uste du ''seguruenik'' ''borrokatu'' egin beharko dutela akordio bat lortzeko, Kupoaren gaia ez baita gai baketsua, eta ''hainbat urtetan'' ez dutelako akordiorik lortu. Edonola ere, sailburuak dio egoera ''ez dela kaotikoa'', legeak luzapenak jasotzen dituelako eta ''sistemak funtzionatzen duelako''.

Kupoaren kitapenaren inguruan desadostasunak daude eta, Jaurlaritzaren arabera, 1.600 milioikoak lirateke 2007tik. Azpiazuk, baina, ez du zifren inguruko eztabaidan sartu nahi izan.

''Zifra hori zifra magikoa da, hor zehar agertu dena eta ematen du desadostasunen zifra dela'', esan du. ''Nik ez dut esan nahi zenbateko hori desadostasunaren zifra denik; desadostasunak egon badaude, alde batetik eta bestetik, eta ikusi beharko den zein den zentzuzko zifra akordioa lortzeko. 1.600 milioi euro edo ezer ez esatea ez dela negoziazioei ekiteko modu egokia'', gaineratu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Gaurko azken orduko albistea