Politika -
Batzarra
Iglesiasek irabazi du Podemoseko barne-kontsulta, baina gutxigatik
Bozketan izena eman zuten 99.077 pertsonetatik 40.830ren babesa izan du. Iñigo Errejonen ereduak 38.419 boto lortu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Podemosen Herritarren Batzorderako arauei buruzko kontsulta Pablo Iglesiasen proposamenak irabazi du. Bozketan izena eman zuten 99.077 pertsonetatik 40.830ren babesa izan du. Iñigo Errejonen ereduak 38.419 boto lortu ditu.
Garaipen estua izan da, 2.411 botoko aldearekin. Iglesiaren “Guztientzako Podemos” proposamenak botoen % 41,57rekin irabazi du; Errejonen “Ilusioa berreskuratu dezagun” manifestuak, aldiz, % 39,13a eskuratu du.
Hirugarren postuan “Podemos Mugimenduan” antikapitalisten proposamena geratu da, 10.313 botorekin, % 10,50a, Pablo Echenique Antolakuntza idazkariak prentsaurrekoan azaldu duenez.
“Errejonistentzako” eta “antikapitalistentzako” botoen baturak, babes txikia jaso duten beste proposamen batzuk kontuan izan gabe, Iglesiasen proposamenak lortutako babesak baino kopuru handiagoa ematen du. Halere, Echeniquek ukatu egin du emaitza idazkari nagusiari buruzko plebiszitu terminoetan irakurri behar denik.
Echeniqueren ustez, emaitza estu honek ez du Pablo Iglesiasen lidergoa ahultzen, haren hitzetan, proiektu bat berak ere ez zuelako ezbaian jartzen hori.
“Jendeak ez du bozkatu zentzu horretan, hautagaitza guztiak bat zetozelako proiektua zuzendu behar zuen pertsonari zegokionez”, azpimarratu du.
Dokumentu politikoak hautagaitzekin batera eztabaidatzea dago Iglesiasek babestutako arauen artean, eta Vistalegre II.ean jarriko dute martxan.