Politika -
Frankismoko krimenak
Tasio Erkizia: 'Presio sozialari esker egia jakingo da'
Ezker abertzaleko militante historikoak Bilboko 7. Instrukzio Epaitegian deklaratu du, Maria Servini epaile argentinarrak zuzentzen duen frankismoaren krimenen aurkako kereilaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoak Bilboko 7. Instrukzio Epaitegian deklaratu du gaur, Maria Servini Argentinako epaileak zuzentzen duen frankismoaren krimenen aurkako kereilaren baitan. Erkiziaren esanetan, presio sozialak egia bilatzera behartuko du estatu espainiarra eta herriak gertatutakoari buruzko memoria historikoa "berreskuratzea" ahalbideratuko du.
1975eko maiatzean Polizia frankisten aldetik tortura "basatiak" jasan zituela salatu du Bilboko 7. Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean.
Maria Servini epaileak Tasio Erkiziari deklarazioa hartzeko eskatu zion aipaturiko Bilboko epaitegiari.
Erkiziak deklaratzen zuen bitartean, frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak deituta elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian. Ordu erdi inguru iraun du haren deklarazioak.
Espainiako fiskal nagusia Servinik eskatutako hainbat biktimaren deklarazio hartzea bertan behera uzten ari dela kontuan izanda, deklaratzeko "zortea" izan duela azpimarratu du Erkiziak.
Azaldu duenez, jasandako "tortura basatien" inguruko xehetasun guztiak kontatu dizkio epaileari, hala nola, bederatzi egunera konorterik gabe ospitaleratu zutela, zainketa berezien unitatean hil ala biziko egoeran 29 egun igaro zituela, hiru hilabetez ospitalean egon zela eta urtebete egon zela gaixoaldian lanik
Erakundeek herri honetan helburu politikoengatik torturatu zela aitor dezatela eta berriz horrelakorik ez errepikatzeko bitartekoak jar ditzatela ere eskatu du.
Estatu espainiarrak gertaera horiek argitzeko borondaterik ez duela deitoratu ostean, presio sozialak egia jakiteko balioko duenaren itxaropena agertu du.