Politika -
Aurkezpena
'Prest', Gure Esku Dagoren urratsak gidatuko dituen bide-orria
Herri-galdeketen 'erronka' Euskal Herriko hiriburuetan ere eman dadila nahi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak 'Prest' aurkeztu du larunbat honetan, hots, 2019ra bitartean bere pausoa zuzenduko dituen bide-orria.
Iruñeko Baluarte jauregian egin duten agerraldia, eta Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaileek bertan adierazi dutenez, "aldakorra den testuinguru politikoak" eta 2017an egingo duten lanak "zehaztuko dute 2018an eta 2019an hartu beharreko urratsak".
Haien aburuz, herritarrak prest daude "kultura politiko berri bat eraikitzeko" eta "etapa berri baten oinarriak ezartzeko".
Oiarbide eta Nikolasen esanetan, "une historiko bat bizitzen ari gara", eta horrenbestez, "maila bereko erantzuna" eman nahi diote.
Testuinguru horretan, gauzatuko dituzten jarraibideak agertu dituzte: galdeketak, herri-ituna, mobilizazioak eta lan parte-hartzailea.
"Galdeketen olatua" bultzatzearen alde azaldu dira, eta 2017an egingo diren hiru nagusiak aipatu dituzte: martxoaren 19an, maiatzaren 7an eta ekainaren 18an. Horren harira, herri-galdeketen "erronka Euskal Herriko hiriburuetara" hedatzea nahi dute.
Aipatutakoez gain, ekainaren 10ean erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-ituna aurkeztuko dute, egun horretarako Bilbon egingo duten mobilizazio batean.
Azkenik, bozeramaileen iritziz, "ezinbestekoa" da alderdi politikoekin, sindikatuekin, unibertsitateekin, enpresekin, fundazioekin eta abarrekin batera lan parte-hartzailean jardutea.