Politika -
Adierazpen instituzionala
Forcadellek ez du gaitasungabetzea aurreikusten eta zentsura salatu du
Haren kontra irekitako auzibidea kritikatzeaz gain, aurrerantzean ere orain arte bezala jokatuko duela azpimarratu du Kataluniako Parlamentuko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak ez du aurreikusten Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bera gaitasungabetzeko zigorra ezartzea, "demokraziaren aurkako horrelako eraso bat pentsaezina delako", horren aburuz. Gainera, Parlamentuko eztabaidak zentsuratzen saiatzeko botere judiziala erabiltzea egotzi dio Estatu espainiarrari.
Goizean Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu ostean, Forcadellek adierazpen instituzionala egin du Kataluniako Parlamentuan. Horren hitzetan, estatu demokratiko batean pentsaezina da Parlamentuko Batzorde Konstituziogileak idatzitako txosten bat eztabaidatu eta bozkatzeagatik epaile baten aurrean deklaratu behar izatea.
Espainian botere banaketa urratzen dela nabarmendu ostean, oraingoan Estatuak pauso bat aurrera eman duela eta Parlamentuan zertaz hitz egin daitekeen agintzeaz gain, Parlamentuak autozentsura aplikatzea nahi duela salatu du.
Espainiako Gobernuak Forcadelli: "Justiziaren aurrean erantzun eta bere erabakia errespetatu behar du"
Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Carme Forcadellek "justiziaren aurrean erantzun behar du eta beste edozein pertsonak bezala erabaki judizialak errespetatu behar ditu". Gaineratu duenez, justizia independentea da eta ez die presioei eta manifestazioei men egiten.
"Espainiako justizia ez dela independentea edota presioen aurrean men egiten duela iradokitzea faltsua izateaz gain, beren lana egiten duten epaileentzat bidegabea da", adierazi du Mendez de Vigok Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.