Politika -

Eusko Legebiltzarra

Bildarratz, Iñarritu eta Rodriguez senatari autonomiko hautatu dituzte

Bestalde, Eusko Legebiltzarrean urtarrileko bigarren hamabostaldia balioduna izatea erabaki du Bozeramaileen Batzordeak.

Senatua. Artxiboko argazkia: EFE
Legebiltzarrak Bildarratz, Iñarritu eta Rodriguez hautatu ditu gaur

1:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Jokin Bildarratz (EAJ), Jon Iñarritu (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) senatari autonomiko izendatu ditu gaurko osoko bilkuran.

Lehendabiziko bozketan, Jokin Bildarratzek 28 jeltzaleetatik 27ren babesa jaso du; izan ere, legebiltzarkide jeltzale batek Jon Iñarrituri eman dio babesa lehen bozketan aukeratua izan zedin. Beraz, Jon Iñarrituk koalizioko 18 kideren eta EAJko legebiltzarkide baten aldeko botoa jaso du. Luis Alejos Elkarrekin Podemoseko hautagaiak eta Tontxu Rodriguez sozialistak, berriz, beren alderdikideen babesa soilik jaso dute.

Bigarren itzulian, ordea, Tontxu Rodriguezek jeltzaleen aldeko botoa jaso du eta senatari autonomiko aukeratu dute.

Bildarratzek eta Rodriguezek senatari karguan errepikatuko dute. Bestalde, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatu ohiak Iñaki Goioaga ordezkatu du Senatuan.

Urtarrileko bigarren hamabostaldia balioduna izango da Eusko Legebiltzarrean

Urtarrileko bigarren hamabostaldia balioduna izango da Eusko Legebiltzarrean, Bozeramaileen Batzordeak EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatu ondoren hala erabakita. Ondorioz, tarte horretan ohiko osoko bilkurak, kontrol saioak eta batzordeen bilerak "normaltasun osoz" egin ahal izango dira.

Legebiltzarreko araudiaren arabera, urtarrila hilabete baliogabea da, baina legebiltzarkideen herenak balioduna izatea eska dezakete. Legebiltzarreko Mahaiak behin betiko onespena eman beharko dio erabakiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi