Politika -
60.000 biztanle
Maiatzaren 7an izango dute galdeketa eguna Urola Kostan
Eskualdeko zortzi herri nagusitan egingo dute ekimena. "Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?", izango da galdera.
erredakzioa | eitb.eus
Urola Kosta eskualdeko herri nagusiek estatus politikoaren gaineko galdeketa egingo dute 2017ko maiatzaren 7an.
Zarauzko Modelo aretoan egindako ekitaldi batean, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak galdeketaren data eta galdera jakinarazi ditu: “Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?”, izango da maiatzaren 7ko galdera.
Zortzi herritan egingo da kontsulta: Zarautzen, Azkoitian, Zumaian, Orion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen eta Errezilen. Azpeitia eskualde horretako herri nagusietako bat da, baina aurtengo ekainaren 5ean egin zuten bertan herri galdeketa.
Aipatutako zortzi herri horietan ia 60.000 biztanle bizi dira: Zarautzen 22.998; Azkoitian, 11.566; Zumaian, 9.798; Orion, 5.805; Zestoan, 3.714; Getarian, 2.783; Aizarnazabalen, 775, eta Errezilen, 593.
Galdeketaren sustatzaileek ohar baten bidez zabaldu dutenez, ekitaldian, herri bakoitzeko hainbat aurpegi ezagunek hartu dute parte, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko lehenbiziko sinadurak bildu dituzte. Besteak beste, Garikoitz Mendizabal musikaria, Agustin Ezenarro eta Arritxu Iribar kazetariak, Joxe Arregi frantziskotar ohia, Ainhoa Murua triatloilaria eta kirol zein kultura munduko hainbat ordezkari izan dira bertan.
Eskualdeko esparru politiko ahalik eta zabaleneko ordezkariak gonbidatu dituzte antolatzaileek, eta Xabier Euzkitze eta Idoia Alberdi kazetariek aurkeztu dute saioa.
"Azpeitian lekukoa hartu genuen, eta gaurtik aurrera Urolako Kostako herritarroi ere indarrak batzeko momentua iritsi zaigu", adierazi du Euzkitzek. Erabakitzeko eskubidearen aldeko "olatu handi bat" sortzea da helburua: "Ez daukagu erronka makala. Kasik 60.000 herritar gaude iritzia ematera deituta. 60.000 ur tanta, elkarrekin olatua sortzera deituta. Udaberrian lehertuko gara, indar erakustaldia egingo dugu, erabakitzeko eskubidearen bidean mugarri izan behar baitu gure eskualdeak".
"Herri txikia gara, baina, aldi berean, handia", zehaztu du Alberdik, eta bertan pertsona guztiek parte hartzea nahi dutela nabarmendu du, euren iritzi politikoa edozein izanda ere.