Politika -
2017ko kontuak
Zatiketa Arabako Podemosen, aurrekontuen bozketa dela eta
Zortzi batzarkideetako lauk salatu dute zuzendaritzak abstentziora jotzeko erabakia inposatu diela. Lander Martinezek azalpenak emango ditu gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Batzar Nagusiek 2017ko aurrekontuak onartuko dituzte aurki. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk alde bozkatuko dute, eta Podemos abstenitu egingo dela iragarri zuen. Alabaina, azken alderdi horren baitan barne zatiketa agerian geratu da azken orduetan. Izan ere, Arabako Podemosen zortzi batzarkideetako lauk ez dute onartu zuzendaritzatik "inposatu" dieten erabakia, zuri bozkatzearena, eta Arabako Zirkuluei hitza ematea eskatu dute.
Lau batzarkide kritikoek (Koldo Martin, Javier Bizarro, Juanjo Celorio eta Dani Trujillano) prentsaurrekoa eskaini dute astelehen honetan euren jarrera azaltzeko. Horien hitzetan, "Ahal Dugu Batzarkide Taldearen bozeramaileak egoera larria eragin du alderdiarengan, Hiri Kontseilu Autonomikoaren Koordinazio Batzordearen babesarekin".
Lau batzarkideon aburuz, EAJk eta PSE-EEk 2017rako aurkeztutako aurrekontuak "iazkoen ildotik doaz", eta gogorarazi dutenez, Podemosek osoko zuzenketa aurkeztu zuen orduan. "Euskadiko Koordinazio Batzordeak abstentzioa inposatu digu, eta kontra gaude", nabarmendu dute.
Bizkaian eta Gipuzkoan EAJren aurrekontuen kontra bozkatuko du Podemosek. Araban, berriz, bestelako jarrera hartzeko negoziazio prozesuan parte hartu ez dutela eta horren berri izan ez dutela salatu dute kritikoek.
"Bozeramaileak negoziatu du, taldearen oniritzia izan gabe. Eta ezin izan dugu idazten hasiak ginen osoko zuzenketa aurkeztu", salatu dute.
Zuzendaritzak "inposatutako" erabaki honen aurrean, Arabako Zirkuluen parte hartzea aldarrikatu dute lau kritikoek. "Hitza eman behar zaie Arabako Zirkuluei. Zuzen ez gaudela eta abstenitu behar garela badiote, entzun egingo diegu", adierazi dute.
Alderdiaren jarrera ofiziala
Haren kontra adierazitakoen aurrean, alderdia zatitu nahi izatea leporatu die kritikoei Arantza Abecia Arabako Batzar Nagusietan Podemosek duen bozeramaileak. Horren arabera, aurrekontuak "aitzakia perfektua" izan dira "zatiketa agerian uzteko". Abeciaren hitzetan, sektore ofiziala saiatu da "egoera zuzentzen, baina ezinezkoa izan da".
Arabako Batzar Nagusietako Ahal Dugu Batzarkide Taldeko bozeramaileak nabarmendu duenez, aspaldikoak dira desadostasunak, "legealdi hasieratik". "Saiatu gara, ni neu ere bai, egoera zuzentzen, baina ezinezkoa izan da. Pertsona horiek aurrekontuak aitzakia gisa erabili dituzte zatiketa agerian uzteko, eta biktima moduan agertzeko", erantsi du.
Lander Martinez Podemosen Koordinazio idazkariak eta Arantza Abeciak berak prentsaurrekoa eskainiko dute gaur alderdiaren jarrera ofiziala zein den azaltzeko.