Politika -
Senatua
Presidenteen Batzarra urtarrilaren 17an izango dela iragarri du Rajoyk
Egun horretan landuko diren gaiak erabakitzeko batzordea laster deituko duela esan du Soraya Saenz de Santamariak. Autonomia erkidegoen finantziazio-sistema landuko dutela aurreikusten da.
Agentziak | Erredakzioa
Presidente Autonomikoen VI. Batzarra urtarrilaren 17an izango dela iragarri du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak. Horren harian, autonomia erkidego guztietako presidenteak, Carles Puigdemont barne, Senatuko jauregian elkartu nahi dituela esan du.
Rajoyren gonbidapenean irakurri daitekeenez, politika publikoetan Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi dituen aldaketen inguruan hitz egiteko asmoa du. Oraindik ez dituzte erabaki egun horretan landuko dituzten gaiak, baina gai hauen inguruan hitz egingo dutela aurreikusten da: autonomia erkidegoen finantziazio-sistema berria, Bruselarekin hartutako konpromisoak, ekonomiaren susperraldia, lanpostu berriak sortzeko neurriak eta Ongizate Estatua hobetzeko erreformak.
Bestalde, egun horretan landuko diren gaiak erabakitzeko batzordea laster deituko duela jakinarazi du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Bilera horretan, autonomia erkidego guztietako presidenteak, Carles Puigdemont barne, elkartzea espero duela gaineratu du.
Ildo horretatik, batzar hori Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidego guztietako presidenteen arteko topaketa izan behar dela esan du Saenz de Santamariak, eta konferentzia horren filosofia eta bertan hartzen diren erabakien garrantzia aldatu behar dela gaineratu du.
2004an egin zen demokraziaren historiako lehenengo konferentzia. Urte horretan, osasunari buruzko finantziazio sistema berria izan zuten hizpide. 2007an, ikerketa, garapena eta berrikuntzaren (I+G+B) inguruko eztabaida nagusitu zen. Uraren banaketari buruz ere hitz egin zuten, autonomia erkidegoetako presidenteen artean eztabaida handia piztu baitzen.
2012an egin zen Espainiako Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko azken batzarra, eta Europako zerga-ituna izan zuten hizpide.